Mobilizazioak mugimendu feminista izango du buru, baina horrek ez du esan gura greba mugimendu sozial horretara bakarrik mugatzen denik. Ez. Zaintzaren arloak gizarteko eremu, maila eta pertsona guztiengan eragiten duela iritzita, herritar oro, gizarte osoa, deitu dute greban parte hartzera, gizonezkoak barne. Funtsezkotzat jo dute sektore guztien inplikazioa eta haienganako interpelazioa.
Eskualdeko protesta, Durangon
Eskualdeko mugimendu feministak martxoaren 8an ekin zion greba antolatzeko bideari. Orain, azken txanpan sartuta, greba egunean egingo dituzten ekintza batzuen berri eman dute. Adibidez, 18:00etan, eskualde osoari begirako manifestazioa egongo da Durangon. Mobilizazioak Plateruena Kultur Aterpearen aurretik irtengo du. Zornotzan 17:30ean manifestatuko dira, herriko plazatik hasita. Horrez gainera, herri bakoitzeko greba komiteak beste mobilizazio batzuk ere antolatu ditu, nork bere herrian. Zaintzagaz loturiko eremuetara eraman gura dituzte aldarrikapenak, besteak beste.
ANBOTOk bat egingo du grebagaz
Hedabide honetako lantaldeak bat egingo du greba orokor feministagaz eta zaintza sistema berrasmatzeko eskariekin. Lantaldeko emakumeek egun osoko greba egingo dute. Gizonezkoek zerbitzu minimoak egingo dituzte, grebari bakarrik jarraipena eginda.