Azaroak 25

“Zaintza baldintza txarretan eta aitortu barik dago, ikusezin bihurtuta, arrazializatuta eta prekarizatuta”

Anboto 2023ko aza. 20a, 10:08

Durangaldeko Mugimendu Feministako kideak

Durangaldeko Mugimendu Feminista buru-belarri dabil azaroaren 30erako deituriko greba feminista orokorra antolatzen. Zaintza deialdiaren erdigunean ipini dute. Zaintza zerbitzuak "guztiz pribatizatuta" daudela salatu dute, eta erakunde publikoek emakumeen gain uzten dituztela zaintza lanak.

Zeintzuk gabezia ditu zaintza sistemak?
Hasteko, ez dago zaintza sistema publiko bat. Zaintza lanak guztiz feminizatuta eta pribatizatuta daude, merkatuaren eskuetan. Merkatura heltzeko aukerarik ez duenak familiaren eskuetan uzten du, eta, ondorioz, emakumearen eskuetan. Zaintzak bizitza osoan zehar eskubide bat izan behar direla aldarrikatzen dugu, eta sistema publiko bat behar dugula eskubide hori bermatzeko. Sistema publiko batek eutsi diezaioke bakarrik eskubide horri, eta, aldi berean, inguru edo komunitate batek. Zaintza lanen egoera zelakoa den aztertzeaz gainera, proposamena planteatzen dugu.

Praktikan zeintzuk egoera planteatzen dira?
Etxeko langileek ez dute lan eskubiderik. Oso baldintza prekarioetan bizi dira. Era berean, familia askotan, emakumeen eskuetan geratzen da. Ulertzen dugu zaintza ez dela pardelak aldatzea, gure bizitzako arlo guztiak zeharkatzen dituen zerbait baino. Denean dago, eta denean baldintza txarretan eta aitortu barik; ikusezin bihurtuta, arrazializatuta, prekarizatuta... Langileen baldintzak txarrak dira, eta, beraz, zaintza hori jasotzen duen pertsonaren egoera ere ez da duina, ezin delako bermatu. Zaharren egoitzetako egoeraren berri jasotzen gabiltza eta zaintzaileek oso denbora gutxi izaten dute egoiliar bakoitzagaz egoteko. Esaten digutenez, Durangoko erresidentzian orain ez dago igogailurik, eta beharginak behartuta daude materiala alde batetik bestera oinez eramatera. Oso baldintza eskasak daude eta, pribatizatu den momentuan, ez da horretan inbertitzen. Justizia eta duintasuna bermatu beharrean, etekinaren alde egiten da, enpresa pribatuen mesedetan. Gorabide ere greban egon da.

Zelan doa grebaren prestaketa?
Durangaldeko markoan, martxoaren 8an hasi ginen lanean. Orain, data hurreratzen dabilela igartzen da. Alde batetik, nekatuta gaude, baina oso gogotsu bestetik. Hauxe da egiteko momentua. Sentsazioa dugu gu tinko gabiltzala honetan, baina sektore batzuetara ez dela heldu. Buru-belarri gabiltza lanean, denok gaudela deituta ikusarazteko. Batzuk ez dira interpelatuta sentitu, eta zaintza denori dagokigu. Momentu honetan, geruza denetara heldu guran gabiltza, eta bestetik, eguna bera antolatzen.

Erronka bat da?
Ematen duenez, lehenengo aldia da zaintzaren gaia erdigunean ipintzen dena eta horren bueltan greba deialdi orokor bat egiten dena gizonak ere interpelatuta. Ez bakarrik elkartasuna adierazteko zaintza langileei. Zaintza eskubidea denontzat behar dugu eta horrek eskubidea eta konpromisoa eskatzen ditu, denon partetik. Alde horretatik, erronka bat da jendea interpelatuta sentitzea. Emakumeok askotan atera dugu gai hau. Aurreko M8ko grebetan, Mugimenduk Feministak mahai gainean ipini zuen gai hau. Denok sentitu behar dugu beharrizan hori gai honen inguruan borrokatzeko.

Askotan ez da ikusten herri mugimenduetan egiten den lana. Lan ikusezin hori zelan egin duzue?
Bakoitzak bere herrian egin du lan hori. Azkenengo asteetan, herrietako eragileekin batzen aritu gara. Barikuan bilera irekia egin genuen, eta denak egon ziren deituta. Atxikimendua eta greban parte harzteko konpromisoa eskatu genizkien. Orain, dendetara, eskoletara, tabernetara, industrialdeetara eta abarretara joango gara gaia azaltzera, ahalik eta inplikaziorik handiena lortzeko. 

Zelako erantzuna jaso duzue?
Jende askok ez du jakin greba deialdia dagoela. Beste batzuek pentsatu dute emakumeen greba dela. Denerik ikusi dugu. Beste kasu batzuetan oso motibatuta egon dira, greban parte hartzeko prest.

Durangoren kasuan, harrera ona egon da. Bakoitzak egunerokotasunean egiten duen inurri lana ere azpimarratzekoa da, auzokideagaz edo lankideagaz. Edozein momentu aprobetxatzen dugu gai horri buruz berba egiteko.

Zer antolatzen zabiltzate?
Grebara nortzuk batu ez diren ikustera joango gara goizean, eta nortzuk ezin izan diren batu. Hori ere bada greba honetan kontuan hartuko dugun puntuetariko bat. Badago jendea ezingo dena batu, eta eurengana ere joango gara. Eurei ere aukera emango diegu moduren batean grebara atxikitzen direla baina ezin direla batu adierazteko. Horiei elkartasun piketeak deitu diegu.

Berba egiten duzue Zumaiako agerraldiaren harira?
Hau planteatu genuen momentuan, bagenekien zaintza esparruan grebara deitzeak eztabaida ekarri zezakeela. Greba egitea pribilegio bat izan daiteke batzuek ez daukatelako aukerarik. Greba egitea eskubide bat da, baina batzuek eskubide hori ez duten neurrian, pribilegio batetik berba egiten dugu. Hala ere, oso presente ditugu greba egin ezin dutenak baina egunik egun aurpegia ematen dutenak. Bizitzari eusten diona zaintza bada, argi dago ezin dela gelditu. Besokoak banatuko dizkiegu greban parte hartu ezin dutenei baina grebagaz bat egiten dutenei.

Prestatu duzue egitaraurik herririk herri?
Goizean piketeetan, eguerdian mobilizazioren batean, eta gero bazkalorduan batuko gara. Egun osoan zehar egongo gara kalean. Arratsaldean ere egingo ditugu mobilizazioak. Bizkaian mobilizazio handi bat egongo da Bilbon, eta beste bat Durangon. Oraindino erabakitzeko daukagu ea eskualdean Durangon zentralizatuko dugun ala beste herri batzuetan ere egingo den.

Abenduaren 1etik aurrera, zein bide urratzea gura zenukete? Zein oinarri ipiniko du grebak?
Greba egunean zuzenean instituzioak interpelatuko ditugu, eta herri akordioan baturiko aldarrikapenekin aldaketak egiteko eskatuko deigu. Fase bat eratzen ahaleginduko gara. Herrietan sortu diren espazioetan ere pentsatu beharko da zer egin, badagoelako zeren alde borrokatu, zer landu eta zer sortu.

Zaintza langileei aitortza berezi bat egingo zaie goizean, prozesuaren hasieratik daudelako parte hartzen. Zornotzan, esate baterako, etxerik etxeko langileak antolatuta daude. Euskal Herrian ere antolatuta daude eta eurekin elkarlanean pentsatu da prozesua eta erabaki greba egitea, nahiz eta batzuek jakin ezingo dutela greba egin. Historikoki daramaten borroka hor dago.

Zein mezugaz amaitu gura duzue?
Deialdietara, bileretara, atarietara, kartelak ipintzera deitu gura dugu jendea. Kalera irtetera eta mezua zabaltzera, bakoitzak bere inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!