Meteorologia aztergai

Zirimiria, desagertzear?

Anboto 2023ko aza. 24a, 09:30

Eguraldi aldaketa kezka iturri da herritarren artean. Alarma horiak, laranjak, bero-boladak edo euri jasak geroago eta arruntago diren garaiotan, klima aldaketari begira ipini gara 

Maiatzeko euria, urte guztiko ogia; Urtarrila urik barik, urtea ogi barik; Siku urte, eskas urte; Amorebietako eurie, egun guztiko eurie. Gotzon Garatek baserririk baserri batu zituen atsotitzetara jotzea baino ez dago eguraldiak bere tempoa eta ohiturak dituela, eta horiek menderik mende mantendu direla ondorioztatzeko. Garatek baturiko esaera zaharrek, behintzat, horixe erakusten dute. Eta halantxik ailegatu ziren mende honen atarira, 2004an kaleraturiko Atsotitzak argitalpenean. Baina gaurkotasunak eta etorkizunak bestelako zerumuga bat marraztu dute. Zalantzak ekarri dituzte eguraldiaren joko zelaira, eta honako galdera hau egin: adierazle meteorologikoek klima aldatzen dabilela dioten garaiotan, eguraldiari loturiko atsotitz hauek iraungitze data izango dute? Ala, modu terrenalagoan esanda, orain arte ezaguturiko eguraldi ohiturak galbidean daude begien aurrean zabaltzen dabilen eszenatoki klimatiko berrian?

Datuak adierazle
ANBOTOk eta Tokikom federazioko beste hainbat herri komunikabidek gai horri heldu diote. Klima aldaketara eraman dugu begirada. Hona adierazle batzuk: joan zen uda inoizko beroena izan zen. Europar Batasuneko Aldaketa Klimatikoaren Copernicus Zerbitzuaren arabera, ekainetik abuztuaren amaierara bitarteko tenperaturak 1,5 gradu altuagoak ziren industrializazio aurreko aldiagaz alderatuta. Hau da, uda honetako tenperaturak 1850-1900. urteetako batez bestekoa baino 1,5 altuagoak izan dira. Oiz mendia bera ere izan zen horren lekuko. Abuztuaren 23an, mendi tontorrean errekor berri bat ezarri zen, 34,1 graduko tenperatura maximo absolutua erregistratuta. Biharamunean, abuztuaren 24an, Elorriok urte osoko tenperatura minimorik altuena erregistratu zen: 23 gradu. Honek guzti honek abuztuaren 18tik 24ra bitartean jasandako bero boladan du jatorria. Tenperatura altuek markaturiko bero bolada izan genuen. Zornotzan, adibidez, termometroek goia jo zuten, 38,4 graduko tenperatura maximoak erregistratuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tenperatura maximorik altuena ere orduantxe erregistratu zen, Bizkaiko Sodupe-Kadagua estazio meteorologikoan. Abuztuaren 23an, 45,6 graduko tenperatura maximoa erregistratu zen han.

Ura bai, baina jarraikortasun barik
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ingurumen Sailak klima aldaketari buruzko aurreikuspenak ditu etorkizunera begira. Ingurumenari loturiko arduradunek diotenez, "espero izatekoa da etorkizunean prezipitazio gertakari gutxiago izatea, baina euri uren intentsitatea handiagoa izatea eta segidan lehorraldi luzeak etortzea". Eskualdeko baserritar ekoizleek ere interpretazio hori egiten dute. Berrizko Roman Bengoa ekoizleak, adibidez, zirimiria, ortuak beharrezkoa duen euri langar hori, galtzen gabiltzan ustea dauka. Bengoak azken hamar urteotatik hona igarri du zirimiri galera hori. Eta interpretazio hori bat dator Ingurumen Sailak prezipitazioari dagokionez eginiko joera aldaketaren aurreikuspenagaz. Datozen urteei begira "murrizte" bat aurreikusten du "1 mm-ko edo gehiagoko prezipitazio egunei dagokienez, eta 10 mm-ko eta 20 mm-ko baino gehiagoko egunen kopuruei dagokienez. Aldiz, gora egingo luke euri egun bakoitzak batez beste ekarririko ur kantitateak, euri egun batean pilaturiko gehienezko prezipitazioak, eta ondoz ondoko egun lehorren kopuruak". Joera horri loturiko adierazleetariko batzuk sumatzen hasita gaude jadanik. Ondoko orrialdeko beheko grafikoan ikusten denez, prezipitazio metatuak udazken eta negu bueltako hileetan pilatzen dira. Tarte sikuagoak ageri dituzte erdialdeko hileek. 

Honako erreportaje honetan, Aixolako, Elorrioko, Zornotzako eta Urkiolako estazio meteorologikoetatik harturiko datuak batu ditugu batetik, eta elkarrizketa bi jaso ditugu bestetik. Euskal Telebistako June Ansoleaga Eguraldiaren aurkezleari eta Zuriñe Zulaika meteorologoari eginikoa da bat, eta Roman Bengoa baserritar ekoizleari eginikoa bestea. Esaera zein atsotitz berrien aurrean egon gaitezke, aro desberdin baten atari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!