Zelan sortu eta gauzatu da dokumentala egiteko proiektua?
Josi Sierraren ideia izan da. Urteak daramatza gure topaketetan parte hartzen, eta, behin, WikiEmakumeak taldearen historia kontatzeko dokumentalaren ideia proposatu zigun. Genealogia hori eraikitzearen ideia interesgarria iruditu zitzaidan: oraintsu hasi diren editoreetatik hasi eta sorbururaino heldu arte, bidean hainbat gai jorratzen delarik: artikuluak sortzeko prozesua eta aurkitzen diren zailtasunak, bizitzako esperientziak… Bide osoa hari batek lotzen du. Abesti bat da hari hori, azkenean hainbat lagunek elkarregaz kantatzen dutena.
Dokumentala Zinebin aurkezteko gonbidapena sorpresa izan da?
Bai, eta hain lan profesionalen artean gurea egoteak poz itzela eman digu. Kariño eta dedikazio handiz eginiko lana da, baina baita modu boluntarioan ere, gure filosofiari jarraituta. Dokumental artesanala da, proiektuan daudenen edo aritu direnen lana aintzatetsi eta eskertu gura duena. Proiektura batzeko gonbidapen bat ere izan gura du.
Zu zeu zelan sartu zinen wikipediaren munduan?
Behin, wikipediako sarrera bat idatzi nuen eta denbora gutxira ezabatu egin zidaten. Ez zituen arauak betetzen. Hasieran asko haserretu nintzen, baina apurka ulertu nuen joko arauak zeudela eta haiei jarraitu behar niela. Espainiako Wikimediagaz hartu-emanetan ipini nintzen eta galdetu nien ea bazuten inor Gasteizen tailer bat emateko. Horrela hasi nintzen. Gerora, artikuluen estandarra zaintzeko eta artikuluak ezabatzeko ardura dutenak ezagutu ditudanean, egiten duten lanaren garrantziaz jabetu naiz.
Jende askori niri gertatu zitzaidana gertatzen zaio: ez ditu arauak ezagutzen. Esaterako, jende asko bere buruari edo lan egiten duen enpresari buruz idatzi guran hurreratzen da wikipediara. Baina hori wikipediako oinarrizko arau baten kontra doa: interes-gatazka. Bere bikotekideari sorpresa bat emateko hari buruz idatzi genezan eskatzeko ere deitu izan digute inoiz.
Formakuntza handia behar da arauak ezagutzeko?
Batzuek gidaliburua irakurri eta erraz barneratzen dute informazioa. Beste batzuek, ni neu barne, bidean lagunduko dien norbait behar dute, azalpenak emango dizkien norbait. Joan zen asteburuan, Salamancako jardunaldi batzuetan, hainbat lekutako jendea batu eta horri buruz berbetan ibili ginen. Hau da, hain teknologoak ez garenontzat oso garrantzitsuak direla taldeak eta batzeko espazioak sortzea. Gasteizen hilean behin batzen gara, eta Durangon astean behin. Azkenean, ikaste prozesu bat eta entrenamendua behar dira. Batzuek esaten didate: "Tira, ezin da hain gatxa izan wikipedian artikulu bat idaztea". "Bada, errazagoa da txarto eginda dagoen bat ezabatzea", erantzuten diet. Edonor da kapaz wikipedian idazteko, baina jakintza bat eta entrenamendua behar ditu.
Noiz sortu zen WikiEmakumeak proiektua?
2015ean, Espainiako Wikimediatik tailer bat ematera etorri ziren Gasteizera. Liburu batean jasota zeuden gasteiztar emakumeen artikuluak sortu genituen wikipediarako. Liburua egin zuten historialari biei baimena eskatu genien euren testuak erabiltzeko, eta baietz esan ziguten. Lau orduan 30 artikulu sortu genituen euskaraz, eta beste hainbeste gaztelaniaz. Esperientzia pozgarria eta aberasgarria izan zen, eta jarraipena eman behar geniola pentsatu genuen. Gasteizen, Leioan, Etxebarrin… batzarrak egiten hasi ginen. Euretariko batera Marisa Barrena etorri zen eta horixe izan zen Durangoko taldearen sorburua.
Zelakoa da Durangoko taldea?
Durangokoa talderik emankorrena da. Fenomeno batzuk dira. WikiEmakumeak proiektuaren barruan 5.500 artikulu egin dira guztira, eta euretariko 4.300 bat Durangon egin dituzte. Zenbateko osoaren %77. Eta seguru datu hauek zaharkituta daudela, zeren eta astero idazten dituzte artikuluak.
2016tik hona WikiEmakumeak herririk herri zabaltzeko lana nekagarria izan da?
Niretzat guztiz asegarria izan da. Joaten garen toki bakoitzean pertsona gutxi batzuei, bakar bati bada ere, proiekturako interesa pizteko gai bagara, ni asetuta geratzen naiz. Gero pertsona horrek beste bati piztuko dio interesa eta proiektua modu horretara doa hazten apurka-apurka.
Euskal Herritik haratago, zein da egitasmo honen egoera?
Espainian 'Wikimujeres' egitasmoa dago. Horren aurretik, 2014an, Hego Amerikan antzeko proiektu gehiago sortu zen. Denok elkarregaz, gizonen eta emakumeen edukien artean wikipedian dagoen arrakala murriztea dugu helburu.
Wikipediako euskarazko ekoizpen osotik zenbat da emakumeei buruzkoa?
Euskarazko ekoizpen osoaren %26,9 da emakumeei buruzkoa. Zerrenda honetako lehenengo tokia Asturiasko hizkuntzari dagokio, %42gaz, eta ondoren euskara dator. Gaztelaniari dagokionez, sarrera guztien %23,3 da emakumeena. Beste bat aipatzearren, katalanaren portzentaia %20,7 da.
Datu horiek erakusten dute euskara zerrendaren goiko aldean dagoela, baina wikipedian gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko oraindino egiteko asko dagoela ere bistaratzen dute.
Bai, lan handia geratzen da. Eta ez emakumeen biografien inguruan bakarrik, baita ekonomian, politikan eta bestelako esparruetan emakumeek egiten duten lana bistaratzeari dagokionez ere.
Emakumeen gaineko biografiak egiterakoan, zelan bilatzen duzue informazioa?
Guretzat oso garrantzitsua da komunikabideek emakumeen gaineko istorioak lantzea, gure informazio iturri direlako. Edo erakundeek euren herrietako emakumeei buruzko ikerketak finantzatzea, ikerketa horiek beste informazio iturri inportante bat direlako. Azkenean, lan kolaboratibo bat da.
Espainiako Wikimedia erakundeko presidenteordea zara. Zelako esperientzia izan da orain arte?
Jende asko eta munduko esperientzia desberdinak ezagutu ditut. Nire ikusmira handitzeko ere balio izan dit. Ni emakumeen biografiak egiten hasi nintzen eta arlo horretan dagoen arrakala garrantzitsua dela eta berau ixteko lan egin behar dugula iruditzen zait, baina Wikimediako batzordean nagoenetik beste arrakala batzuk deskubritu ditut. Esaterako, hizkuntzen arteko arrakala. Orain dela urtebetetik hona, Extremadurako hizkuntzan idazten duen komunitate txikiari laguntzeko ahalegin berezia egiten gabiltza; jende berria batu dadin eta hizkuntza horretako eduki kopuruak gora egin dezan. Eta oraingoz lana bere fruituak ematen ari da.
Zein beste arrakala identifikatu duzu?
Oso garrantzitsua iruditzen zaidan beste arrakala bat landa eremuari dagokio. Baserri eremuko artikulu gutxi dago hiriekin eta beste eremu mota batzuekin alderatuta. Esaterako, Araban proiektu bat hasi dugu gabezia horri aurre egiten ahalegintzeko. Herririk herri jende berria bilatzea da gure helburua, euren herriko edukia sortuko duena. Herri batzuei buruz wikipedian dagoen edukia hiru-lau esalditara mugatzen da eta euren ondarea, historia, natura, jaiak… wikipedian egotea garrantzitsua dela uste dugu. Lan hori egiten ere bagabiltza.