[BIDEOA]: Greba feminista orokorrean parte hartzera deitu dute Durangoko hainbat herritarrek

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 16a, 14:48

Bideo bat egin dute herritarrak greban parte hartzera deituta. "Zainketen eskubide soziala bermatu ahal izateko sistema publikoa beharrezkotzat" jo, eta horretarako ezinbestekoak diren "finantzaketa eta kudeaketa bermatzea" eskatu dute. 

Euskal Herriko mugimendu feministak mugarri bat ezarriko du azaroaren 30ean, aurrekaririk bako mobilizazio bat eginda. Egun horretan, greba orokor feminista egingo dute, "zaintzarako eskubide unibertsala bermatu" behar dela, eta horretarako bitarteko publikoak ezarri eta ohiturak aldatu behar direla aldarrikatuta. Mobilizazioak mugimendu feminista izango du buru, baina horrek ez du esan gura greba mugimendu sozial horretara bakarrik mugatzen denik. Ez. Zaintzaren arloak gizarteko eremu, maila eta pertsona guztietan eragiten duela iritzita, herritar oro, gizarte osoa, deitu dute greban parte hartzera. Gizonezkoak barne. Funtsezkotzat jo dute sektore guztien inplikazioa eta interpelazioa. 

Eskualdeko mugimendu feministak martxoaren 8an ekin zion greba antolatzeko bideari. Orain, azken txanpan sartuta, Durangoko greba komiteak honako bideo hau kaleratu du. Bertan, hainbat durangar agertzen da zaintza sistema auzitan ipini, aldaketa beharrezkoa dela adierazi eta greba orokorragaz bat egitera deitzen. Honako datu hauek ipini dituzte egoeraren erakusle modura: "Emakumeen zaintza kargaren indizea 3,63 pertsonakoa da"; "2021ean, emakumeek 9,5 ordu ematen zuten etxeko lanetan, adingabeak zaintzen, adinekoak zaintzen. Gizonek, aldiz, 6,5 ordu"; "Durangoko zerbitzu sozialak eskasak dira eta JAEDek, Caritasek eta Gurutze Gorriak eusten diote egoera horri"; Euskal Autonomia Erkidegoan, adineko egoitzen titulartasun publikoa ez da %9ra iristen", eta "Durangon, hiru adinekoen egoitzatatik bi pribatuak dira". 

Grebari begirako prestaketa lanekin jarraitzeko, azaroaren 18an III. asanblada orokorra egingo dute. 11:00etan izango da, Elkartegian.

Zornotzan ere bai

Zornotzako greba orokor feministako komiteak ekintza bi egin zituen atzo. Anbulatorioko langileekin batera, "kalitatezko zerbitzu publikoen beharra azpimarratu" eta "lehen arretak behar duen zaintza" azpimarratu zuten. Horrez gainera, Osakidetza kritikatu zuten, "plan pribatizatzailea" martxan daukala iritzita. Bestalde, Zornotzako Udala "interpelatu" zuten, "etxez etxeko zerbitzuaren azpikontratazioaren erantzule" delakoan. Azpikontratazioek "prekarietatea" dakartela, eta horrek ematen den arretan "eragin zuzena" duela azaldu dute. 

Zornotzan elkarretaratzea egin zuten osasun langileekin, atzo. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!