Ermuko Euskal Birusa euskara elkarteak urteroko-urteroko ohiturari eutsi dio aurten ere. Hogeita hamairugarrenez, San Martin eguneko azoka jendetsua antolatu zuen zapatuan. Baserritarrek, artisauek eta herriko ikastetxeetako ikasleek ipinitako 60 postu egon ziren Ermuko kaleetan zehar. Euretariko 37 tokiko baserritarren produktuekin osaturiko postuak izan ziren.
Produktuen sariketari dagokionez, eskualdeko baserritar ugarik lortu zuen epaimahaiko kideen errekonozimendua. Agarre baserriko Maria Pilar Mallabiak (Mallabia) fruta eta ortuari posturik onenaren saria lortu zuen. Gaztari dagokionez, lehenengo eta bigarren sariak eskuratu zituzten Anbe baserriko Aitor Urienek (Abadiño) eta Onandi baserriko Eñaut Gallastegik (Mallabia). Sagardoaren saria Zornotza aldera joan zen. Etxerriaga sagardotegiko Unai Bilbaok irabazi zuen saria. Eta ogiari dagokionez, epaimahaiak Mañe baserriko Luis Mari Osa saritu zuen.
Horrez gainera, eskualdetik kanpoko baserritarrek ere eskuratu zituzten sariak. Jose Antonio Fernandezek (Ermua) fruta eta ortuarien saria irabazi zuen. Igor Merinok (Barakaldo) eta Mikel Jauregialzok eztirik onenen sariak eskuratu zituzten. Txakolinik onenaren saria Oihane Ojangurenek irabazi zuen (Lezama), eta epaimahaiko kideen aipamen berezia, berriz, Alicek eta Andonik (Errezil).