Gogotsu zapaturako?
Jon Castañeda 'Jonkass': Hamabost urte egin ditugunez, urte berezia izaten ari da. Ezohiko gauzak egiten ahalegindu gara, antzokietan bira adibidez: Gasteizko Jimmy Jazzen,
Donostiako Dokan eta Bilboko Kafe Antzokian aritu gara. Azkenekorako, zerbait berezia egin gura genuen. Gainera, EITBren parte hartzea kontuan hartuta, Durangoko Landako Gunea aukera egokia zela pentsatu genuen.
Gonbidatu asko izango duzue zapatuan.
J. C.: Bai, eta guretzat ere sorpresa bat izan da, ez genuen espero eta. Gonbidatuak pentsatu ahala deitzen hasi ginen, eta ezezkoa jasoko genuela pentsatu arren, sorpresa hartu dugu. Esango nuke oraindino ez dudala asimilatu, baina gurago dut ez pentsatu, osterantzean urduriago ipiniko naiz eta. Oso egun polita izango da, eta, gainera, EITBk grabatu eta ondoren telebistan emango dutenez, gerora ere gozatu ahal izango den egun bat izango dela uste dugu.
Ekimen solidarioa izango da, gainera.
J. C.: Bai. Hau guzti hau martxan ipini genuenean, lorturiko dirua beste norabaiterako izan zitekeela pentsatu genuen, eta minbiziaren aurkako egitasmo honetarako erabiltzea polita izan zitekeela iruditu zitzaigun.