“70eko hamarkadako road movie bat hartu eta gure estilora ekarri dugu”

Anboto 2023ko urr. 28a, 10:25
Jon Aramendi eta Aitor Mendilibar

Aitor Mendilibar zaldibartarrak eta Jon Aramendi durangarrak Zilarrezko Antzara jaso dute Euskal Zine Bileran, 'Habana glass'-en zuzendaritzagaitik. Musikazaleak izateaz gainera,  zinemarako afizioa (baita ofizioa ere) dutela erakutsi dute.

Pozik zaudete sariagaz?
Jon Aramendi: Eginiko lanaren aitortza itzela da. Azken finean, lagun artean egin dugun zerbait da, ezelango laguntzarik jaso barik, eta horrek meritu handia du; 19 lanen artean sarituriko bat izatea egundokoa da; oraindino gehiago beste lanen maila handia ikusita. Asko poztu nau zuzendaritzarik onenaren saria jasotzeak. Gainera, nire lehenengo film laburra da eta horrek zalantzak kentzeko balio izan dit. Saria jasotzean, epaimahaikideen berbek mutu utzi ninduten, baina lantaldeko partaideei bideo baten bitartez eman nizkien gero eskerrak (barrez).
Aitor Mendilibar: Poz handia sentitzen dut. Oso eskertuta gaude, epaileei eta lantalde osoari. Sari hau denona da. Lan kontuengaitik ezin izan nintzen Lekeitioko galan egon, baina berriak asko poztu ninduen, eta Jon agertokian ikusteak emozionatu egin ninduen. Nire kasuan, bigarrenez jaso dut sari hau (lehenengoa Ibon Goikogaz, Irten barrura lanagaitik).

Nondik dator ideia?
J. A.: Aitorrek Irten Barruraren prozesuan parte hartzera gonbidatu ninduen, eta horrek Habana glass egitera bultzatu ninduen. Pandemia garaiko itxialdian idatzi nuen istorioa. Aitorregaz berba egin, eta ideia gustatu egin zitzaion. Urte biko prozesua izan da eta asko ikasi dut beragaz; lagun artean egiteak ere lagundu du. Hile birik behin geratu gara urruneko lokalizazioetan grabatzeko, eta hori antolatzeak denbora eskatu digu. Ez dugu ez presarik ez presiorik izan, eta oso ondo pasatu dugu elkartu garen bakoitzean; lan egiteaz gainera, barre asko egin dugu.
A. M.: 2020ko azaroan etorri zitzaidan Jon, eta proiektua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gutxira, gidoia landu eta lagunez osaturiko lantalde bat prestatu genuen. 2021eko ekainean hasi ginen grabazioak egiten, Bergaran, eta 2022ko azaroan amaitu genituen, Lekeition. Ordurako, Pello Baños hasita zegoen muntatzeagaz, eta horrela ibili gara aurtengo martxora arte, aldizka. Azkenean, ia hiru urteko lana izan da.

Lehenengoz lan egiten duzue elkarregaz?
J. A.: Zine kontuetan baietz esan daiteke; beste kontu batzuetan hamaika gauza egindakoak gara (barrez). Ideia argi genuen hasieratik: 70eko hamarkadako road movietan oinarrituriko estiloa hartu eta gure estilora ekartzea; horretarako, Euskal Herrian oso ezaguna den benetako gertakari batean kokatu dugu. Era honetan, errealitate bat islatzen da, eta Mat protagonistaren azalean jarri daitekeela uste dugu, beragaz batera bidea eginez. 
A. M.: Jonek nahiko argi zituen hasierako ideia eta filmari eman gura zion tonua, eta horrek asko erraztu zuen gidoia sortzea, pertsonaiak garatzea eta lokalizazioak aukeratzea. Egia esan, batzuetan baliabideek huts egin eta moldatu egin behar izan gara, baina ondo konpondu gara. Gainera, inprobisatzeak askotan leku hobe batera eraman gaituela esango nuke. Lehenengo aldia da elkarregaz lan egiten duguna, nerabezarotik elkar ezagutzen dugun arren. Musika munduan antzeko giroetan ibilitakoak gara, baina Habana glass da lehenengo proiektua elkarregaz. Bideoklipen bat egin dugu elkarregaz, eta aurrerago proiektu gehiago etorriko da, seguru.

Musikak presentzia nabaria du. Musikagaz hartu-emana izateak erraztu ala zaildu egin ditu erabakiak?
J. A.: Musika bidelagun ezinbestekoa da road movietan. Istorioa gure estilora ekarri dugun moduan, musikagaz berdin jokatu dugu, hasierako asmoa aldatuta. Talde asko dago abesti izugarriekin!
A. M.: Gure inguruan sekulako musikariak ditugu eta ez gara horretaz konturatzen edo ez dugu ezagutzeko ahalegina egiten. Gu musikan ibilitakoak garen neurrian, gure ustez garrantzitsua zen aukeraketa zentzuz egitea.

Durangaldeko hainbat lagunek parte hartu du, bakoitza zeregin batean. 
J. A.: Lagunei proposamena bota, eta jo ta motibatuta sartu ziren proiektuan. Sekula ere ez genuen imajinatuko, proiektua eurena balitz legez lan egin dutelako. Proiektu ahaztezina da, gure lagunez harro sentitzeko modukoa.
A. M.: Esperientzia itzela izan da, bizitako momentuengaitik, batez ere. Oso ondo pasatu dugu sormen prozesuan, eta lanean ere fin ibili gara, giro onean une oro.

Proiektuak zein ibilbide du hemendik aurrera?
J. A.: Beste jaialdi batzuetan aurkezteko asmoa dugu, ahal izanez gero. Adibidez, erantzunaren zain gaude Durangoko Azokaren Irudienean aurkezteko.
A. M.: Hasierako helburua bete dugu, gustura geratu garelako. Orain, festibalen biran parte hartzea eta esperientzia gozatzea gustatuko litzaiguke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!