Durangon, arratsaldeko 19:00etan egin dute elkarretaratzea, Santa Anako eliza parean. “Sionismoa suntsitu!” eta “Palestina askatu!” lako mezuak oihukatu dituzte kontzentrazioak iraun bitartean. Bukaeran adierazpen bat irakurri dute. Azaldu dutenez, “Israelgo estatuak etengabe jazarri” ditu palestinarrak, “lurren okupazioaren” eta “erailketaren” bitartez, beti ere, “Mendebaldeko blokearen bitartekaritzaei eskerrak”. Azken hauei “kolaborazionismoa” egotzi diote. Nazioartean sozialismoa antolatzeko deia egin dute hori delakoan “langileen askatasuna eta gerra bako jendarte baten oinarriak eraikitzeko” modua. Kontzentrazioa txalo artean amaitu dute.
Abadiñon ere ordu berean irten dute kalera, Palestinako herriaren kontrako okupazioa salatu eta palestinarrei babesa eskaintzeko. Hainbat herritar Trañabarren kalean batu da “Gora Palestina!” zioen pankarta eskutan.