Duranguesa klubak nazioarteko taldeekin dituen hartuemanei esker, hainbat txirrindulari gaztek nazioartean egonaldiak egiteko aukera izaten dute urtero. Aurten bi txirrindulari joan dira ingalaterrara: Paul Mendizabal abadiñarra eta Jon Zuburruti 15 urteko durangarra. Zuburruti han dago oraindik eta astelehenean itzuliko da.
Handik ona berriz beste txirrindulari bi etorri dira. Bata joan da dagoeneko eta Mckenzie Riley-ri egun batzuk falta zaizkio oraindik. Asteburuan Ordiziako lasterketa lehiatuko du eta martitzenean Bizkaiko Kopako etapa bat, Berangon.
Gazte biak pozik daude bizitzen ari diren esperientziekin. "Beste herrialdetako txirrindularitza bertatik bertara ezagutzea oso aberasgarria da", diote. Rileyk bere esperientzian sakondu du. "Euskal txirrindularitza eta bere inguruko komunitatea zelan mugitzen den haren ondoan; hori guztia oso interesgarria iruditzen zait. Inguruko herriak eta mendiak ere ezagutu gura ditut".
Mendizabalen egonaldia
Mendizabalek mendi bizikletako proba batean parte hartu zuen Ingalaterran. Gustura aritu zen eta han "maila handiagoa" dagoela iruditu zitzaion. Autokarabana batekin eta bizikletagaz, zikloturismoa egiteko aukera ere izan zuen, hiru egunetan mendebaldeko eta ekialdeko kostak lotuz.
Errepidean, mendian, ziklo-krosean… modalitate denetan ibiltzen da Mendizabal, baina mendiko probak gustatzen zaizkio gehien eta aurten hortxe lortu ditu emaitzarik onenak. Esaterako, apiril hasieran bigarren amaitu zuen Green Serieseko lasterketa bat, Abadiñon.
Zappi talde ingeleseko txirrindulari juniorrak ere Durangaldean daude egunotan. Bizkaiko Itzulian parte hartu dute. Gaur, Durangoko Ezkurdin familia argazkia atera dute Dromedario-Flotamet, Zappi eta Durangaldeko Bizikleta Eskolako gazteek.