Oihana Azkorbebeitia Euskadiko txapeldun eta Larraitz Aragon txapeldunorde ultratrailean

Anboto 2023ko uzt. 8a, 21:07
Larraitz Aragon eta Oihana Azkorbebeitia G2Hko helmugan.
Gaurko emaitzagaz, Azkorbebeitiak Euskal Herriko Kopako zirkuitua ere irabazi du ultra distantzian.
Beasaingo Arrastaka mendi kirol taldeak antolatuta, uztailaren 7ko, 8ko eta 9ko asteburuan ultra distantziako mendi lasterketen epizentro bihurtu da Beasain (Gipuzkoa). Alde batetik, Euskal Herriko mendi lasterketarik luzeena eta gogorrena jokatu da bertan: Ehunmilak. 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa ditu probak. Jesus Bailo espainiarrak irabazi du mutiletan (24.24.50), eta Uxue Fraile donostiarrak nesketan (29.19.43).
 
Bestetik, G2H ultratraila jokatu da, Goierriko 2 Haundiak. 88 kilometroko lasterketa da, 6.000 metroko desnibel positiboa duena. Aurten, Euskadiko ultratrailen txapela egon da jokoan proba honetan, eta bertan Durangaldeko korrikalariak izan dira nagusi nesketan. Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan da irabazlea (12.40.43), Larraitz Aragon korrikalari durangarra sailkatu da bigarren (13.18.06) eta Izaskun Sanz nafarrak osatu du nesken podiuma (13.48.01). Mutiletan, Idiazabalgo Joseba Eskudero gailendu da (10.12.32), alde nabarmenagaz.
 
Bariku gauean hasi zen G2H lasterketa, 23:00etan, eta 474 korrikalari batu ziren irteeran, denak frontala isiotuta, gauari, beroari eta aurretik zituzten kilometroei aurre egiteko prest. Azkorbebeitiak lehenengo kilometroetan hartu zuen aginte makila, eta azken metroraino eutsi zion lehenengo postuari. "Hamabi orduren bueltako lasterketa zela jakinda, indarra neurtzen joan naiz, baina, hala ere, apur bat zorabiatu egin naiz helmuga marra zeharkatu eta gero. Bero handiegia egin du eta azken kilometroak amaiezinak egin zaizkit", adierazi du abadiñarrak. Euskadiko ultren txapelketa irabazita, oso pozik agertu da:  "Lehenengoz parte hartu dut lasterketa honetan eta ikaragarri gustatu zait, nahiz eta gauez korrika egitea ez dudan oso gustuko". Azkorbebeitiak argi izan du txapela nori eskaini: "Gure aita zenari auzo omenaldia egin diote gaur Mendiola auzoan. Nik aspalditik neukan lasterketa hau egutegian markatuta eta ezin izan naiz auzokoekin eta familiagaz Mendiolan egon, baina une oro izan dut aita gogoan eta berari eskaintzen diot gaurko txapela".
 
Bigarren sailkatuak ere, Larraitz Aragonek, pozarren amaitu du proba, besoak goratuta. "Lehenengo partean ikaragarri gozatu dut, batez ere Txindokin gora. Ilargiaren irudia, laranja-laranja, benetan ikustekoa zen. Gero izan ditut komeriak, Andraitzen behera batez ere, baina, tira, ondo heldu naiz helmugara, nahiz eta polito sufritu dudan. Gainera, une batean galduta ere ibili naiz eta kilometro bat gehiago ere egingo buen beharbada. Baina gaurko esfortzuak merezi izan du", esan du durangarrak. Aragonek iaz irabazi egin zuen bertako maratoia, eta aurten ere erakutsi du ondo hartuta diola neurria distantzia luzeari.
 
Elorrioko Lur Basterretxea zazpigarren sailkatu da nesketan (15.17.45), eta nabarmentzekoa da ere Ander Garitagoitia arineketalari mallabitarraren lasterketa. Hamabosgarren helmugaratu da (12.09.55). Bestalde, Beñat Gorospe otxandiarrak, berriz, sailkapen orokorrean 27. egin du (12.52.24). Emaitza horri esker Kopako zirkuituko bigarren beteranoa izan da eta bosgarren geratu da maila absolutuan..
 
Gaurko lasterketan, Euskal Herriko ultren Kopa ere zegoen jokoan, eta hori ere Oihana Azkorbebeitiak irabazi du, gaurkoagaz zirkuituko hiru proba irabazita. Domusa Teknik (65 km) eta EH Mendi Erronka (67 km) irabazi zituen aurretik.
 
Honela geratu da Kopako sailkapen orokorra nesketan:
  1. Oihana Azkorbebeitia (320 puntu)
  2. Sara Peña (266 puntu)
  3. Maider Urdangarin (228 puntu)
Mutiletan, Iban Agirrezabala berastegiarrak irabazi du Euskal Herriko Kopa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!