Martxoaren 8aren harira greba feminista egingo zela iragarri zuten eta orain greba egun horren data iragarri dute: azaroak 30.
"Zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eta hau guztion ardura da. Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko… Eta beste hamaika aldarri jarriko ditugu erdigunean", adierazi dute sare sozialetan. "Denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa borrokatzera goaz eta horretarako zaintza-sistema publiko eta komunitario bat behar eta nahi dugu", gehitu dute.
Denon Bizitzak Erdigunean prozesua
Urtebete baino gehiago joan da Denon Bizitzak Erdigunean prozesua martxan jarri zutenetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragileren eta norbanakoren artean. Harrezkero, hainbat inflexio puntu izan dituzte. Esaterako, Gasteizen egindako zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldia. Jardunaldi haietan erabaki zuten greba orokorra egitea eta orain eguna zehaztu dute.