Atzerritarrak Durangaldean

“Immigrazioak ekonomikoki ekarpen ikaragarria egiten du gizartean"

Geuria 2023ko api. 5a, 09:15

Migrazio mugimenduez eta batez ere immigrazioaren inguruan berba egiteko jo dugu Xabier Aierdi Urraza (Zeberio, Bizkaia, 1957) soziologoarengana. Immigrazioan eta gizarte-zerbitzuetan aditua da eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 2003tik 2011ra bitartean. Era berean, immigrazio gaietan Begirune Ikerketa Laborategiko zuzendaria izan zen 2011tik 2013ra, eta Eusko Jaurlaritzaren aholkularia 2014tik 2016ra Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean. Saretzen proiektuaren bigarren kolpe honetan, migrazioari buruz eta Hego Euskal Herrian immigrazioak izan duen eragina aztertu dugu beragaz batera.

Ikuspegiren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jatorri ez espainiarreko 56.868 pertsona zeuden, biztanleria osoaren % 2,6. 2022ko urtarrilean, 253.034 ziren atzerrian jaioak (% 11,5). Datuak ikusita, nabarmena da jatorri ez espainiarra duten pertsonen hazkundea EAEn.
Errealitate berri baten aurrean gaudela erakusten dute datuok, baita errealitate hau egiturazkoa izango dela ere. Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonen aurrean gaudela, hori ez da horrela: datozen pertsonak bertan geratuko dira eta bertan garatuko dute euren bizitza. Gizarte berri bat sortuko dela pentsatu behar dugu, jatorri desberdinez osaturikoa, eta gure erronkak zelanbaiteko hiritartasun praktikoa bultzatu behar duela.

Zein da erronka horren ardatza?
Bizitzeko merezi duen gizarte bat sortu behar dugu. Denentzat aukera berdinak egongo direla eta pixkanaka-pixkanaka aukerak berdinduko direla ikusi behar dugu. Eta etorkizunera begira etekinak emankorrak izango direla pentsatu. Askotan planteatzen da immigrazioa alboko bide bat bezala, eta oso inportantea da jakitea immigrazio prozesua oso gogorra dela. Azken finean, goranzko mugikortasuna bermatzeko tresneria bat ipintzea lortu behar dugu, adibidez, pertsona migratzaileen seme-alabek bertan ikasi dezaten.

Etorkinen bigarren belaunaldia litzateke.
Hala da. Immigrazioaren lehen belaunaldiak askotan barneratuta ekartzen du zelanbaiteko sakrifizio bat edo autoimmolazio bat. Hau da, eurek badakite hona datozela, badakite hemen kokatuko direla, badakite bizitza gogorra egingo zaiela, baina edozein familiak edo gurasok bezala, oso gauza sinple bat gura dute: seme-alabei ondo joan dakiela.

Hau da, ondorengoen ongizatea bermatzea.
Bai. Immigrazioa da, beharbada, bizitzan dagoen fenomenorik arruntena. Hau da: “Zer gura duzu? Bada, nire ondorengoek izan dezatela agian nik izan ez dudan bizitza, eta ondorengoen ondorengoek izan dezatela bizitza arrunt bat”.

Migrazio prozesuez galdetuko banizu…
Migrazioak oso prozesu sinpleak dira, baina prozesu horren barruan gogortasun gradu desberdinak daude. Zoritxarrez, immigrazioaren fenomenoa desenfokatu egiten dugu: pentsatzen dugu Mediterraneoa dela dena, edo sufrimendua dela dena. Eta ez. Migrazioaren % 90 beti funtzionatu duen mekanismoa izan da gure gizartean: norbait dator eta norbait horrek bere anaiari, nebari, arrebari edo ahizpari deitzen dio, eta gero horiek euren auzokoei, ezagunei, lagunei... deitzen diete. Eta horrela heltzen gara toki askotan gertatu izan denera: jatorri eta herri bereko jende multzo bat dagoela kokatuta auzoetan.

Zergaitik etortzen da jendea atzerritik?
Azken finean, sumatu duelako hemen eskasia bat zegoela. Eta eskasia non zegoen? Bada, beharbada guk ikusten ez genuen arlo batean. Esate baterako, etxeko lanak eta zaintza lanak ikusezinak izan dira.

Soziologook lan mundua aztertzen oso berandu deskubritu dugu enplegua gauza bat dela eta lana beste gauza bat. Gizarte batek lan kopuru oso baten ondorioz funtzionatzen du, eta ez enplegu baten ondorioz. Oso aldaketa sakonak egon dira familietan: txikitu egin dira, zaintza-lanak bete ezinda geratu dira eta guri batez ere biztanleria latinoamerikarra heldu zaigu arlo hori guztia kubritzeko, eta batez ere feminizatua.

Horrek inbertsio handiak eskatuko lituzke, baita arlo horretan gizona sartzea ere modu erradikalean.

Horiez gainera, Europatik ere etorri da beste jende bat antzeko gauzak egitera, baina era berean gauza desberdinak egitera ere. Adibidez, Errumaniatik etorri izan den jendea sektore industrialean sartu da, eta oso ikusgarria da momentu honetan etorkinen portzentajerik handiena Ordizian egotea. Batez ere errumaniarrak dira.

Hortaz, guk bete ezin ditugun premiak asetzera etorri dira immigranteak gurera.
Tokian tokian osaera desberdinak aurki daitezke udalerri desberdinetan, udalerri horietan dauden premia desberdinen arabera. Hori oso inportantea da. Orduan, zertara etorri dira? Bada, guk konpondu ezin ditugun premia batzuk asetzera, bai.

2002an, batez ere Latinoamerikatik etorri ziren etorkinak Hego Euskal Herrira. Hogei urteren ondoren, gorabehera gehiago izan da, eta Europatik edo Afrikatik ere etorri dira herritarrak.
Hemen, alde batetik, premietara zuzenean zuzentzen diren jatorriak ditugu; batez ere, latinoamerikarrak eta Europa erdialdetik etorritakoak. Baztertu ezin dugun beste fenomeno bat da Afrika oso gertu dagoela, eta horrek ere bere baldintzak inposatzen ditu. Kontuan izan behar da marokoarrak ere lehendik bazeudela hemen, hala nola Eibarren, Ermuan, eta inguru horretan. Gaur egun marokoarren kopurua ugaritu egin da, hurbiltasunagaitik. Maroko zelanbaiteko erreguladore bat da; baita Libia, Tunisia eta Turkia ere.

Migrazioagazko ikuspegia aldatu egin dela esango zenuke?
Uste dut migrazioagazko irudia lasaitu egin dela. Bere momentuan zeuden usteak, zelanbait, nobedadeagaz batera zetozen, baina, era berean, beldurra eragiten zuten neurri batean. Ikara horren ondorioz, bazegoen mesfidantza handiagoa immigrazioarekiko. Ikuspegik ateratzen dituen datuak ikusten ditudanean, tolerantzia indizeek gora egiten dutela konturatzen naiz, lehen zeuden kezkak baretu egin direla. Horrek normaltasun bat adierazten du. Eta seguruenik horren atzean badago kontzientzia nabarmenago bat hau estrukturala izango dela adierazten duena. Gizarte honetan oso balio positibo asko dago eta immigrazioaren onarpen handia dago. Azken 20 urtetan bost gertakari egon litezke erakusten dutenak oso xenofobia argi bat. Beste gauza bat da diskriminazio leunak: etxeak ez alokatzea, eskoletatik alde egitea migratzaile asko datozenean… Horrelakoak ere egon badaude, egongo dira, eta horiek zuzendu beharko dira tresneria instituzionala ipinita. Hala ere, esango nuke orokorrean badagoela onarpen handiago bat. Pentsatu behar dugu hau etorkizuneko ezaugarri bat dela, Euskal Herriko gizartearen osaera oso konplexua izango dela hemendik urte batzuetara. Astiro-astiro onarpen hori nabarmena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!