Jaizale Durangaldeko txistulari taldeak 'Jaizale kalez kale, auzoz auzo neguan' programa aurkeztu zuen iazkoa azaroan. Bost kalejirek eta hiru kontzertuk osatzen zuten egitaraua. Orain, udaberria hasteaz batera, uztailaren amaierara arteko kalejiren egutegia jakinarazi dute.
Lehenengo kalejira apirilaren 23an izango da. Horren ondoren, Durangoko auzoetako jaiak alaituko dituzte —Madalena eta Herria auzoak— eta herrian esanguratsuak diren jai egunetan ere arituko dira, San Inazio egunean nahiz San Antonio bezperan, esaterako.
Kalejirez gainera, kontzertu bat ere eskainiko dute. Maiatzaren 7an izango da, Traña-Matienako elizan, San Prudentzio jaien barruan.
Musika eskolakoen laguntza
Jaizale txistulari elkartekoek taldea eraberritzearen aldeko "erabateko apostua" egiten jarraitzen dutela azaldu dute ohar batean, eta bide horretan, Bartolome Ertzilla Musika Eskolaren "ezinbesteko laguntza" eskertu dute. Musika eskolako ikasleak ez ezik, inoiz txistua jo duten guztiak ere gonbidatu dituzte kalejiretan jotzera.
Azkenik, elkarteko laguntzaile diren erakundeei bere esker ona adierazi diete. Erakundeak honako hauek dira: Durangoko Udala, Asesoría Gualbi, Cafés Baqué, Herria Auzo Elkartea, Madalenako Auzo Alai Elkartea.
KALEJIREN DATAK
- Apirilak 23 'Kalera' Durangoko udalak antolatutako ekimeneko kalejira, Andra Mari elizpean
hasita. - Maiatzak 1 Herria auzoan.
- Maiatzak 27 Auzo Alai Madalenako elkarteak antolatuta, Turkiako lurrikaran kaltetuei
laguntza emateko ekimenean. - Ekainak 11 San Antonio bezperetan.
- Uztailak 22 Madalena auzoan.
- Uztailak 31 San Inazio auzunean.
- Gehiago: Jaiak ospatuko diren Durangoko beste auzoetan ere kalejirak ematen ahaleginduko da Jaizale.
KONTZERTUA
- Maiatzak 7 Traña-Matienako elizan, San Prudentzio jaietan.