Oizko monumentu megalitikoak eta bestelako ondare historikoak lotuko dituen ibilbide berria sortuko dute 2024ra bitartean

Joseba Derteano 2023ko mar. 28a, 13:08
Igor Agirre Mallabiko alkatea, Juan Carlos Quintana AGIRI Arkeologia Elkarteko arkeologoa eta Orlan Isoird Berrizko alkatea.

Oizko Ibilbide Megalitikoa deiturikoa 2024ko udazkenerako amaitu gura dute. Horri buruzko xehetasunak emateko prentsaurrekoa eskaini dute Mallabiko eta Berrizko udalek eta Juan Carlos Quintana arkeologoak.

2022an, Oiz mendiaren ekialdean, Berrizko eta Mallabiko lurretan, AGIRI Arkeologia Elkarteak egindako indusketak historiaurreko hiru ehorzketa gune azaleratu zituen. Horiek jendaurrean aurkeztu eta udal bietatik bisita gidatuak antolatu zituzten bertara.

2023an, ekimenaren bigarren faseari ekingo diote. Hainbat lan ildo dituzte. Monumentu megalitiko horiek eta han inguruan dauden beste elementu historiko batzuk lotuko dituen ibilbide bat sortzea da euretako bat. Bestelako elementu horien artean daude, esaterako, antzinako harrizko etxolak. "Bizkaia osoan esku bietako atzamarrekin kontatu daitezke horrelako egiturak eta Oizkoak oso ondo kontserbatuta daude", azaldu du Juan Carlos Quintana AGIRI Arkeologia Elkarteko arkeologoak. Ibilbidean seinaleztapenak eta panel informatiboak jarriko dituzte, besteak beste, eta 2024ko udazkenerako prest egotea itxaroten dute. Ekimenaren helburua gune hura balioan jartzea da alkate biek azaldu dutenez.

Ibilbideaz gainera, Oizko Ibilbide Megalitikoak teknologia berrietan oinarritutako baliabide didaktikoak izango ditu, 3D dokumentazioari eta errealitate birtualari garrantzi berezia emanez. Formatu horretan monumentuen berreraikuntza birtualak egingo dituzte eta Berrizko eta Mallabiko Udalen webguneetan ikusi eta deskargatu ahalko dira. Material digitala ibilbideetako paneletatik deskargatzeko aukera ere eskaini gura dute, QR kodeen bidez.

Ipiñarrietako tumuluan indusketak

Ipiñarrieta tumuluaren inguruan "indusketa txiki bat" egitea izango da aurtengo beste ekintza bat. "Morfologia arraroa" duen gunea da eta gehiago jakin gura dute. "Egitura alteratuta badago errestaurazio teknikak erabiliz gunea finkatuko dugu", azaldu du Quintanak.

Aipatutako lan horiek guztiek 82.316 euroko aurrekontua dute. Berrizko Udalak 21.323 euro jarriko ditu eta Mallabiko Udalak, 20.138 euro. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza batekin estaliko dute.

2022tik honako lanak

2022tik hona, zundaketa bidezko prospekzioa "intentsibo" gehiago egin dituzte Iturzurigana eta Probazelaiburu inguruan eta elementu berriak aurkitu eta dokumentatu dituzte. "Zer diren ondo zehazteko itxaron egin beharko dugu, baina zantzuak interesgarriak dira", azaldu du Quintanak.

Alde batetatik, erabat lurperatuta dagoen elementu bat aurkitu dute. Duen kokapenagatik eta erabat lurperatuta dagoelako, inoiz arpilatu gabeko gunea izan daiteke eta, ondorioz, "oso ondo kontserbatuta" dagoena. Oraindik ez dakite seguru zer den, baina "dolmen txiki bat" izan daitekeela uste dute.

Beste zundaketa batean, Probazelaiburu II gunetik gertu, elementu berri bat aurkitu dute eta "litekeena" da "menhir bat" izatea. Mota honetako monumentuak "osoa arraroak" dira Euskal Herrian eta, bereziki, Bizkaian, Quintanaren arabera. "Menhirra dela segurtatuko balitz, Oizko monumentuen aniztasunari elementu berri bat gehituko genioke: dolmenak ditugu, zirkuluak ere bai eta menhirra ere izango genuke". Edozelan ere, oraindik ez dute indusketarik egin. "Etorkizunean pentsatu beharko dugu indusketak egin ala ez", aurreratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!