[BIDEOA] Oiz mendian Bizkaiko lehenengo cromlechak aurkitu dituzte, Burdin Aroko hilobi-monumentuak

Joseba Derteano 2022ko eka. 23a, 19:00

Pirinioetako cromlech edo harrespilak hain mendebaldera aurkitzen dituzten lehenengo aldia da. Joan zen domekan bisita gidatua antolatu zuten historiaurreko arrastoetara eta ehun bat lagun batu ziren arkeologoen azalpenak entzutera.

Oiz mendiaren ekialdean, Berrizko eta Mallabiko lurretan, AGIRI Arkeologia Elkarteak egindako indusketak historiaurreko hiru ehorzketa gune azaleratu ditu udalerri bien aginduz. Arrastorik zaharrenak Kristo aurreko 4.000-5.000 urte ingurukoak dira eta berrienak K.a. 540-390 urte bueltakoak. Hiru guneak 300 metro baino gutxiagora daude bata bestetik, eta hirurek batera, 4.000 urteko garapena barnebiltzen dutelarik, Bizkaiko oraintsuko historiaurreko hileta-sekuentziarik luzeenetarikoa osatzen dute. Baina multzo megalitiko horren barruan, egitura batzuk besteak baino nobedosoagoak dira, aurretik hain mendebaldera inoiz aurkitu bakoak zirelako. Hain zuzen ere, hilobi-monumenturik berrienak dira nobedadeak, Pirinioetako Cromlech edo Pirinioetako Harrespil izenekoak. Orain arte Bizkaian aurretik aurkitu bako egiturak dira.

K.a. lehen milurtekoan, Azken Brontze Arotik Burdi Arorako sasoian, gorpuak errausteko hileta-erritu bat sortu eta garatu zen Europa erdialdean eta Mediterraneo inguruko lurretan: gorpuak erraustea. Denboragaz, Pirinioen erdialdean eta mendebaldean hedatu zen. Eremu horretan bizi zen giza taldeak, aurreko tradizioetan oinarrituta, ezaugarri propioak gehitu zizkion errausketaren erritualari: lurrean bertikalean sarturiko hainbat harrigaz zirkulu bat egiten zuten, eta han barruan ipintzen zituzten hildakoen errautsak. Hilobi-monumentu horri Pirinioetako Cromlecha edo Pirinioetako Harrespila deitzen zaio. Bada, orain hamarkada batera arte, Gipuzkoako Oria eta Leizaran ibaiek markatzen zuten mendebaldeko muga, han amaitzen ziren tankera horretako arrastoak, harik eta 2011n Aralarren hiru Pirinioetako Cromlech aurkitu zituzten arte. Orain, Oizen, ezaugarri arkeologiko berdineko beste bi azaleratu dira, Bizkaiko lehenengoak, eta orain hantxe dago mendebaldeko muga.

Monumentu horiek giza talde berri baten hedapenaren testigantza dira ala dagoeneko bertan bizi zirenek kanpotik harturiko errituak dira? "Ez dago esaterik. Hori jakiteko, jatorrizko nukleoko [Pirinio erdialde-mendebaldea] norbaiten eta hemengo norbaiten DNAk alderatu beharko genituzke, eta, oraingoz, ez da horrelakorik lortu. Oizen, esaterako, ez da hezurrik aurkitu. Erretako oso hezur gutxi aurkitu izan dira eta, gainera, euretatik DNA ateratzea zaila da", adierazi du Juan Carlos Lopez Quintanak, Oizko indusketak gidatu dituen AGIRI elkarteko arkeologoak.

Seguru esan daitekeena da Oizen aurkitu diren cromlech edo harrespilak K.a. 540-390 urteen artekoak direna. Izan ere, monumentuen barruan aurkituriko ikatza sasoi hartakoa dela diote datazio-azterketek. "Harrespilen sasoiagaz bete-betean kointziditzen dute emaitzek. Egur-ikatza askotan aurkitzen da, oso ondo kontserbatzen delako milaka urtez. Litekeena da ikatz hori errausketena barik hilobi ondoan egindako erritualena izatea", dio Lopezek.

Indusketa hauek Pirinioetako Cromlech hilobi-monumentuen mendebaldeko muga Oizera mugitu duten moduan, baliteke etorkizuneko ikerketa berriek muga are mendebalderago eramatea. Lopezek aurreratu du etorkizunean indusketa berriak egingo dituztela; tartean, Bizkaiko beste toki batean. 

Oizko hiru guneak
Joan zen domekan, bisita gidatuak egin zituzten Oizen, Berriztik eta Mallabitik joanda. Ehun bat lagun batu zen. Han, AGIRI elkarteko arkeologoek historiaurreko hiru ehorzketa guneen gaineko azalpenak eman zituzten. Probazelaiburu 1 izeneko gunean egitura bi agertu dira. Bata K.a. 2.000-1.500 ingurukoa da. Han aurkituriko zeramika zatien tipologiak eta gerora egindako analitikek horixe erakusten dute. Bestea hamaika harri-testigugaz osaturiko Pirinioetako Cromlecha da, K.a. 540-390 urtera artekoa. Hipotesia da beste egiturako harriak erabili zituztela harrespila egiteko, baina ez dago seguru esaterik.

Oizen aurkituriko bigarren cromlecha Iturzurigana izeneko gunean dago eta aurrekoa baino zabalagoa da. Hemen ere egitura bi bereiztu daitezke, baina, kasu honetan, elkarren ondoan barik bata bestearen gainean daude. Trikuharri zaharrago bateko harriak harrespila egiteko berrerabili zituztela uste dute arkeologoek. Hilobi-monumentua sasoi berrietara ekarri zuten.

Probazelaiburu II izeneko hirugarren gunean dago hilobirik zaharrena. K.a. 4.000-5.000 urte inguruko tumulu bat da. Tumuluak hilobi baten gainean harriz eta lurrez eraikitako hilobi-egiturak dira.


Probazelaiburu 1. Irudiaren goiko aldean K.a. 2.000-1.500 urte arteko ehorzketa gunea; beheko aldean, borobilean, K.a. 540-390 urte inguruko cromlecha. Eskuman, Juan Carlos Lopez azalpenak ematen.


Iturzurigana, bigarren cromlecha aurkitu duten gunea.


Probazelaiburu II-ko tumulua.


Ehun bat lagunek parte hartu zuten bisita gidatuan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!