Gari Bildosola eta Ekain Bengoetxea Bizkaiko txapeldun eta azpitxapeldun geratu dira xakeko benjamin mailan

Anboto 2023ko mar. 28a, 15:38
Ekain Bengoetxea —ezkerrean— eta Gari Bildosola azken partida erabakiorra hasi aurretxoan (Argazkia: Zaldi Baltza)

Abadiñoko Traña-Matienan umeen mailako finalak jokatu dira asteburu bitan.

Eskualdeko xakeak baditu etorkizunari itxaropentsu begiratzeko arrazoiak. Martxoaren 12an eta joan den domekan umeen mailetako Bizkaiko txapelketak jokatu dituzte Traña-Matienan eta eskualdeko xakelari bat baino gehiago nabarmendu da. Esaterako, benjamin mailan, Elorrioko Zaldi Baltza xake eskolako Gari Bildosola Gallego txapeldun geratu da eta Durangoko Larrasoloeta xake eskolako Ekain Bengoetxea Olano azpitxapeldun. Batak zein besteak txapelketa bikaina osatu dute. Aurretik jokatutako bost partidak irabazita, elkarren kontra lehiatu zuten azken partida erabakiorra, Bildosola nagusitu zelarik. Kurutziaga Ikastolako Aiur Zenikaonandia Alberdiren lana ere azpimarratzekoa da, zazpigarren amaitu duelako maila honetan.

Kimu mailan, hamar onenen artean sailkatzea lortu dute Zaldi Baltza eskolako hiru gaztek: Aitor Bravo Freire laugarren izan da, Ametz de la Cruz Esteibarlanda bosgarren eta Julen Koratty Saji zortzigarren.

Azkenik, haur-kategorian bosgarren tokian geratu da Zaldi Baltzako Mikel Cobos Pereira eta 12. postuan Zornotza Xake Taldeko Raul Chersan.

Taldekako ligak

Buruz buruko txapelketetan ez ezik, taldekako ligetan ere egon da zer ospatua aurten. Esaterako, Abadiño Xake Taldeak Euskadiko liga nagusia den Ohorezko Maila irabazi du. Zaldi Baltzakoak ere "oso pozik" daude euren taldeen lanarekin, klubeko kideen esanetan. Esaterako, Bizkaiko Maila Goreneko taldeak mailari eustea zuen helburu eta, hori lortzeaz gainera, bigarren postuan geratu da.

Hurrengo erronka maiatzaren 7ko Bizkaiko taldekako txapelketa izango da, Gallartan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!