Abadiño Xake Taldea txapeldun geratu da Ohorezko Mailan, Euskadiko liga nagusian

Anboto 2023ko mar. 19a, 10:20
Ezkerreko aldean Abadiño Xake Taldeko Jon Lagos eta Alain Prieto (atzeko aldean), ligako partida batean.

Abadiño Xake Taldeak Euskadiko liga nagusia den Ohorezko Maila irabazi zuen joan zen asteburuan. Bestela esanda, aurten Euskadin egon den klubik onena Abadiñokoa izan da. Lorpenak balio handiagoa hartzen du honako hau jakinda: klub batzuk ordainpeko xakelari maisuekin aritzen dira eta Abadiño, ostera, etxekoekin. "Futbolean Eibarrek liga irabaztearen parekoa izan da", esplikatu du Abadiño Xake Taldeko Ibon Martinek aurtengo lorpena.

Ibon Martin abadiñarrak eta Alain Prieto, Jon Lagos eta Unai Calvo durangarrek gauzatu dute mirari txiki hau. Lehenengo biak esperientzia handiko eta ibilbide luzeko xakelariak dira. Beste biak gazteagoak dira. Lagok 23 urte ditu eta gazte mailetako adin tarte guztietan Euskadiko txapeldun izan da. Calvo klubeko harribitxietariko bat da, 16 urtegaz, eta honek ere badaki azpiko mailetan Euskadiko txapeldun geratzea zer den. 

Abadiñoren lorpena faktore bik azaltzen dute. Batetik, "guk espero baino puntu gehiago lortu dugu", dio Martinek. Hau da, goi mailan aritu direla. Azken jardunaldia da horren adibide: Abadiñok 4-0 irabazi zion teorian bere maila paretsukoa den Bilboko Conteneo taldeari. Bestetik, beste klub batzuk "euren mailatik behera" ibili dira, Donostiako Gros kluba kasu, zeinak besteak beste nazioarte mailako xakelari bi zituen bere taldean. Ohorezko Mailako garaipen honi eskerrak, abuztuan Espainiako txapelketan aritzeko eskubidea lortu du Abadiñok.

Durangaldeak beste ordezkari bat ere izan du Ohorezko Mailan: Zornotza Xake Taldea. Zornotzarrek sailkapenaren erdian amaitu dute liga. Durangaldeko beste klub biak, Zaldi Baltza eta Larrasoloeta, Bizkaiko Maila Gorenean dabiltza. Azken jardunaldia baino ez da falta liga hori amaitzeko. Elorrioko Zaldi Baltza bigarren tokian dago une honetan, eta ez du Sestao liderra harrapatzeko aukerarik. Bestalde, Durangoko Larrasoloeta beherago dago sailkapenean, baina ez luke arazorik izan behar mailari eusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!