Durangaldeko herritarrak Arroitzen egon dira asteburuan, Errigoraren proiektua ezagutzen

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 13a, 10:47

Iturri Kontserbak enpresara egin dute bisita. Lantegiko ekoizpena eta euskara normalizatzeko plana zelakoak diren ezagutu dute.

Errigoran parte hartzen duten Euskal Herriko eragileek hitzordu esanguratsu bat izan dute asteburuan, Lizarrerriko Arroitz herrian (Nafarroa). Proiektuan parte hartzen duen ekoizleetako baten lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute. Iturri Kontserbak lantegiko jarduna, hain zuzen. Durangaldeko hainbat lagun ere bertan egon da. Kontserba lantegiko eta ortuko lanak ezagutzeaz gainera, enpresak euskara normalizatzeko darabilen plana zelakoa den ezagutu dute. Bisitaren bukaeran bazkaria egin dute bertaraturiko denekin.

Errigorak duela egun gutxi ipini zuen martxan udaberriko kanpaina. Oraingo honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatzeko aukera dago, gero, auzolanari eskerrak, bakoitzak bere herrian jasotzeko ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen dute; kontserbak, 12 ontziko sortatan. Errigoraren planteamendua urte osorako beste eskatzea da. Eskaera epea zabalik dago eta banaketa txanda bitan egingo dute. Apirilean, olioa, eta maiatza-ekainean, kontserbak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!