Ainhoa Urienek eta Eñaut Aiartzaguenak Udalbitzaren 'Geuretik sortuak' beka irabazi dute

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 3a, 15:18
Urien eta Aiartzaguena, gaur, Beran egindako aurkezpen ekitaldian. (Argazkia: Ainhoa Larretxea. ERRAN.EUS)

Idazle abadiñarrak mugen artean girotutako ipuin luzea idatziko du; ilustratzaile iurretarrak, aldiz, tokiko basoen inguruko komikia. Sorkuntza lanetan inspiratu eta istorioak girotzeko, Urienek hiru asteko egonaldia egingo du Ebro ibaiaren ertzeko herri nafarretan. Aiartzaguenak, berriz, hiru aste igaroko ditu Amasa-Villabonan.

Ainhoa Urien Telletxe idazle abadiñarra eta Eñaut Aiartzaguena Bravo ilustratzaile iurretarra zorioneko daude, Udalbiltzak eskaintzen duen Geuretik Sortuak bekaren onuradunak izan baitira. Sari horien aurkezpen ekitaldia goiz honetan egin dute Beran (Nafarroa), eta Durangaldeko irabazle biak hantxe egon dira proiektuak jendaurrean defendatzen. Urienek "egundoko euforiarekin" jaso du beka. "Bultzada handia da, oso pozik hartu dut albistea", adierazi du. Abadiñarrak "mugen inguruan girotutako proiektua" egingo du, eta horretarako hiru asteko egonaldia egingo du Udalbiltzaren zati den eta mugan kokatua dagoen ingurunean. "Goi-Erriberan, Nafarroaren eta Espainiaren arteko mugan, Ebroko mugan, zonifikazioaren mugan", egingo du egonaldia, "Lodosan, Andosillan, Sesman, Mendabian eta Sartagudan". "Datorren astelehenean herri horietako eragileak bisitatuko ditu, kontaktuak egin eta inguruneari buruzko informazioa eskatzeko", jakinarazi du.

Eñaut Aiartzaguena ilustratzaileak ere pozarren hartu du beka. "Egundoko poza eragiten dit. Komiki bat sortzeko prozesua hasiera-hasieratik laguntzea itzela da. Proiektuan sinetsi dute", adierazi du. Iurretarrak 15-20 orrialdez osaturiko komikia egin beharko du, eta oso argi dauka zein gai jorratuko duen. "Biodibertsitateari egiten ari gatzaizkion kalteak, monokultiboak aintzat hartuta, tokiko basoen inguruko proiektua garatuko dut ikuspegi ekologista batetik. Umeentzako komikia egitea da asmoa", azaldu du. Horretarako, Aiartzaguenak hiru asteko egonaldia egingo Amasa-Villabonan. Tolosaldeko udalerri horretan girotuko du komikiko istorioa. Hiru asteak segidan han eman beharrean, tartekatu egingo ditu, modu horretan eskuartean dituen beste hainbat lan tartekatzeko. Urienen antzera, Aiartzaguenak ere herria ezagutu eta bertakoekin egoteko tarte bat hartuko du, inspirazioa jasota istorioa marrazteko. Sortzaile biek irailaren erdialderako entregatu beharko dituzte lanak. Gero, Udalbiltzak, argitalpenak egingo ditu.

Geuretik Sortuak beka-sortan lau diziplina artistiko saritzen dira: literatura, antzerkia, zinema eta komikia. Urte birik behin antolatzen den sariketa da, eta honakoa du bere bigarren edizioa. Bekari eskerrak, sortzaileek egonaldiak egiten dituzte Udalbiltzaren zati diren udalerrietan, eta sortzen dituzten lanak egonaldia eginiko herri edo ingurune horretan egon ohi dira girotuta. Onuradunek diru kantitate bat eta egonaldiak egiteko beharrezko duten guztia jasotzen dute trukean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!