“Gure azken San Blas feria izango da; martxoan erretiroa hartuko dugu”

Anboto 2023ko urt. 31a, 10:03

Leaniz okindegiko Maite Leanizbarrutiak eta Lorea Leanizbarrutiak behin betiko amatatuko dituzte labeak. 28 urtean egunero egon dira okin eta gozogile lanetan.

Ogia eta euskal pastela, horietxek saltzen dituzte gehienbat, baina San Blas azoka ate-joka dagoen honetan San Blas opila egiten harrapatu ditugu Barruti baserriko lantegian. Penagaz barik gogotsu helduko diote erretiroari. Maitek erantzun dizkie galderei.

28 urte daramatzazue okin lanetan. Urte mordoa dira.
Baserriko ogia betidanik egin izan dugu hemen, baina negozioa bera orain 28 urte hasi genuen, bai. Kanpoan ibili nintzen lanean. Gero langabezian geratu nintzen. Urkiola Landa Garapeneko ikastaro batzuk egin eta abentura hau martxan ipintzea erabaki genuen.

Abadiñoko San Blas azoka datorren barikuan egingo da. Zer moduzko azoka da zuentzat?
Oso azoka garrantzitsua da guretzat. Jendetza batzen da eta gu ingurukoak garenez, salmentaren ikuspegitik oso azoka ona izaten da. Jendeak ezagutzen gaitu, asko urtero-urtero etortzen da gugana.

Zer eramango duzue aurtengo feriara?
Baserriko ogia eramango dugu. Arto-irina, euskal pastela. Euskal pastela, adibidez, oso ondo saltzen da. San Blas opilak ere eramango ditugu.

Dimentsio handiko azoka da. Zelakoak izaten dira aurreprestaketak?
Egun horretan azokarako bakarrik ez,  dendetarako ere egin behar izaten dugu ogia. Beraz, ia-ia gaupasa egiten dugu lanean. Azokan ondo saltzen denez gero, otsailaren 2tik 3rako ia gau osoa lanean pasatzen dugu. Ogia ez dakit, baina San Blas egunean 200 bat opil saltzera ailegatzen gara.

Otsailaren 3rako gogotsu?
Jakina. Jendeari etortzeko esango nioke, erosteko, gure azken azoka izango da eta.

Zuen azken azoka izango da?
Bai, itxi egingo dugu negozioa. Behar asko egin dugu urte hauetan eta deskantsatzeko ordua ailegatu da. Martxo aldera hartuko dugu erretiroa. 

Eta zer moduz sentitzen zarete bide honen amaieran?
Egia esan, oso pozik. Lan asko egin dugu eta bezero finkoak izan ditugu. Pozik gaude, negozioa ez dugulako gainbehera batean uzten, topera dagoenean baino. Bezero askok pena dute, anekdota asko bizi izan dugu-eta hemen. Gogoan dut behin pertsona bat Bartzelonatik Bilbora etorri zela Gabonak pasatzera. Geurera etorri zen afaritarako ogi bila. Anekdota mordoa izan dugu. Bestalde, gure bezero guztiak eskertu gura ditugu. Orain, deskantsatzea tokatzen zaigu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!