Kezka eta atsekabea nagusi Durangaldean, desagertutako bi mendizaleen inguruan

Anboto 2023ko urt. 21a, 12:41

Durangoko Udalak "atsegabea" adierazi du istripuaren aurrean. Abadiñoko Udaletik "maitasun eta babes osoa" erakutsi diete senitartekoei eta lagunei. 

Herenegunetik euskal mendizale bi desagertuta daude Patagonian, Fitz Roy mendiaren inguruan, elur-jausi batek harrapatu ostean. Euretako bat Iker Bilbao 29 urteko durangarra da (Abadiñon bizi da). Bigarrena Amaia Agirre urnietarra da.

Espainiako Gobernuko Atzerri Ministeriotik ez dute bilaketaren gaineko informaziorik zehaztu, baina ANBOTOk galdetuta, eguraldi baldintzak "oso txarrak" direla baieztatu dute.

Iker Bilbao suhiltzailea da Laudioko Aiara parkean. Urte askoan eskaladan aritua, azken urteetan alpinismoa egiten ere ibili da. Euskadiko mendi federazioko eta Durangoko Ourdaybi elkarteko kidea da. Ourdaybiko iturriek adierazi dute "kezkaz" eta "familiarekiko errespetuz" bizi dituztela une latz hauek. 

Bere aldetik, Durangoko Udalak "atsekabea" adierazi du ezbeharraren aurrean. "Atsekabea adierazi nahi dugu mendizale durangar batek Argentinan izandako istripuaren aurrean. Era berean, gure babesik zintzoena helarazi nahi diegu familiari eta gertukoei". Abadiñoko Udalak "bihotzez" sentitzen du gertaturikoa: "Bihotzez sentitzen dugu Iker Bilbao gure bizilagunak eta Amaia Agirre bere espediziokideak Patagoniako Fitz Roy mendian izandako mendi istripua. Gure maitasun, babes eta elkartasun osoa familiei eta lagunei", adierazi dute sare sozialetan.

Euskadiko suhiltzaileek sare sozialetan adierazi dute Bilbaoren senitartekoen eta lagunen "arduragaz" eta "sentimenduekin" bat egiten dutela.

Elur jausia, Afanassieff bidean

Herenegun, hiru mendizale euskaldunak Fitz Roy mendiko Afanassieff bidea egiten ari ziren, 3.405 metroko garaieran. Mendia rappelean jaitsi ostean, elur-jausi batek Iker Bilbao eta Amaia Agirre harrapatu eta "arrakala handi baten azpira arrastatu" zituen, mendi kiroletako eta eskaladako Espainiako federazioak informatu duenez. Eurekin zihoan mendizaleak, Josu Linazak, eman zuen ezbeharraren abisua El Chaltenera jaitsi zenean.

Espainiako federaziotik honakoa azaldu zuten atzo:  "El Chalteneko laguntza batzordeak baloratu du ez dagoela desagertuak bizirik aurkitzeko esperantzarik eta egun ez dagoela segurtasun baldintzarik bilaketa taldea bidaltzeko egoerak hobera egiten duen arte eta, horrela, erreskate taldeko kideak arriskuan ez ipintzeko". 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!