Patagonian mendizale bi desagertu dira, euretako bat durangarra

Anboto 2023ko urt. 21a, 10:43

(Argazkia: Espainiako mendi federazioa).

Fitz Roy mendian desagertu dira elur-jausi batek harrapatuta.

Mendizale bi desagertuta daude Patagonian, Argentina eta Txile arteko Fitz Roy mendi inguruan, elur-jausi batek harrapatu ostean. Euretako bat Iker Bilbao durangarra da (Abadiñon bizi da) eta bestea Amaia Agirre mendizalea, Espainiako mendi federazioak jakitera eman duenez.

Berez, hiru lagun zihoazen sokan lotuta eta elur-jausiak bi harrapatu ditu. Hirugarrenak, Josu Linazak, eman zuen ezbeharraren abisua El Chaltenera jaitsi zenean.

Herenegun Fitz Roy mendiko Afanassieff bidea egiten ari ziren hirurak, 3.405 metroko garaieran. "Mendi horrek oso zaila eta babesgabea izatearen fama du", azaldu du mendi kiroletako eta eskaladako Espainiako federazioak ohar batean. Mendia rappelean jaitsi ostean, elur-jausi batek hiru mendizaletako bi harrapatu eta "arrakala handi baten azpira arrastatu" zituen, Espainiako federazioaren arabera.

Honela jarraitzen du atzo argitaratutako oharrak. "El Chalteneko laguntza batzordeak baloratu du ez dagoela desagertuak bizirik aurkitzeko esperantzarik eta egun ez dagoela segurtasun baldintzarik -0 graduko isotermagaz 4.000 metroko garaieran- bilaketa taldea bidaltzeko egoerak hobera egiten duen arte eta, horrela, erreskate taldeko kideak arriskuan ez ipintzeko". 

Atzotik Espainiako mendi federazioko krisi gabinetea martxan dago, federazioko presidenteak koordinatuta, gertaera kudeatzeko. Taldea honako hauek osatzen dute: Argentinako inguruko hartako mendizaleek, Espainiako alpinismo taldeko kideek eta bestelako laguntzaileek. Azken horien artean federazioko osasun arloko Iñigo Soteras medikua dago. Guzti hauek Bahia Blancako kontsulatuaren laguntza dute, besteak beste.

Espainiako Gobernuko Atzerri Ministeriotik honakoa esan dute: Bahia Blancako kontsulatuak eta Buenos Airesko gure enbaxadak gertaeraren berri dute eta gestioak egiten ari dira". Ministeriotik ez dute bestelako informaziorik jakinarazi. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!