“Hainbat gune itxita, kultura musikala galdu egin dela iruditzen zaigu; Durangoren kasuan are nabarmenago”

Aritz Maldonado 2023ko urt. 14a, 10:00
Nevadah. Ibon Urizar

Sare sozialek egunerokoa baldintzatu eta erritmoa markatzen duten garaian, Durangaldeko Nevadah taldeak isileko lana egitea aukeratu du, eta hiru urte eta erdian lokalean gotortuta egon ostean bueltan da lan berria besapean. Ez da nobedade bakarra, izan ere, Ekhi Arrieta abeslariagaz kaleratuko duten lehenengo lana ere bada; Arrietagaz batera, Jon Agirrebeitiak (gitarra), Pello Bañosek (bateria), Anartz Ugartek (baxua) eta Liher Arteagak (gitarra) osatzen dute Nevadah. Urtarrilaren 28an Plateruena Antzokian aurkeztuko dute lan berria, John Dealer and The Coconuts taldeagaz batera. Hain identifikagarriak ziren jantzi gorriak armairuan gorde arren, zuzenekoak beti bezain basatiak izango direla aurreratu dute.

Bizirik zaudete.
Jon Agirrebeitia: Hiru urte eta erdian itzalean lanean ibili gara, horietariko bi abeslaririk barik. Luze joan da, baina inoiz baino gehiago entseatu dugu, egia esateko. Gure soinua borobiltzen nahikoa lan egin dugu, baita abestiak, zaharrak zein berriak, Ekhiren ahotsera moldatzen.
Anartz Ugarte: Denari forma eman arte ez dugu ezer publiko egin gura izan. Estudiora sartu aurretik aurkeztu genuen Ekhi; orokorrean, lasai lan egin dugu, oztopo txikiren bategaz, baina gura genituen epeen barruan

Zelan moldatu zara taldera, Ekhi?
Ekhi Arrieta: Taldea jarraitzen nuen, eta banekien abeslari bila zebiltzala. Deialdia egin zutenean ez nintzen animatu; Pello ezagutzen nuen, eta oraindino abeslari bila zebiltzala esan zidanean, animatu egin nintzen. Proba egin eta gustatu zitzaien. Prozesu luzea izan da ordutik honakoa.

'A thought leads me to you' singlean igartzen da rockari eutsi diozuela. Horrela da lan osoan?
J.A.: Ez da aldaketa drastiko bat izan. Uste dut garapen naturala izan dela, eta Ekhiri ere bere lekua eman diogula esango nuke. Orain soinu trinkoagoa dugula esango nuke, eta kanten artean koherentzia bat mantendu dugula. Batzuk dantzagarriagoak dira, beste batzuk gehiago burua mugitzekoak, baina kanta bakoitzak bere puntua duela iruditzen zaigu.
A. U.: Ez genuen abesti bilduma bat egin gura. Oraingo honetan abesti hauek irten zaizkigu, Nevadah izaten jarraitzen dugu. Bluesa eta bestelako doinuak gustuko izaten jarraitzen dugu, jakina, baina gurago genuen lanaren kontzeptu osoago bat landu, eta, horregaitik, abestiren bat edo beste kanpoan geratu da. 
Liher Arteaga: Diskoan denerik dagoela esango nuke, kantatik kantara ikusten da desberdinak direla, baina, aldi berean, igartzen da Nevadah direla. Lehenengo diskotik bigarrenera eboluzio bat egon zen moduan, hemen ere egon da. 

Euskara aukeratu duzue abesti birako.
J. A: Gure hizkuntzari keinu bat egin gura genion, besterik barik. Urteetan buruan izan dugun gauza bat izan da, taldean eztabaidagai izan dena. Buruan izan dugun kontu bat izan da, baina orain artean ez duguna egin. 
E. A.: Dena nahasteko aitzakia bat izan da nire sarrera (barrez).

Berrizen grabatu duzue, Lorentzon.
A. U.: Oso gustura egon gara Lorentzon, eta Aitor Ariño ia beste taldekide bat izan da. Guretzat itzela izan da! Aitorrek 35 urte daramatza grabatzen, eta Euskal Herriko talderik onenek bertan grabatu dute.
J.A.: Oiartzunen ere oso gustura egon ginen, egundoko esperientzia izan zen, asteburu batez elkarregaz egon ginen, elkarregaz grabatu, lo egin... baina oraingo honetarako beste gauza batzuk bilatzen genituen. Egun gehiagotan egon ahal izan gara estudioan, eta gertutasuna ere eskertzekoa izan da, bai Aitorrena, baita estudioa Berrizen bertan edukitzea ere. 
L. A.: Meca estudioetan beste filosofia bat zuten grabatzeko, eta eurekin ere oso gustura lan egin genuen. Baina orain hau erabaki dugu eta oso pozik gaude emaitzagaz.

28rako gogotsu?
A.U.: Bai, izan ere, ekainean lau urte beteko dira azkenekoz kontzertu bat eman genuenetik. Gainera, Durangon etxean lez gaude, eta horregaitik gura genuen hasieratik bertan egitea kontzertua; oso gatxa da berotasun hori beste norabaitera mugitzea. Horrez gainera, Plateruena itxita egon den denboran kultura musikala galdu egin dela uste dugu, eta horregaitik ere gura genuen bertan egitea. 
J. A.: Lehen Sapuetxe, Sorginola eta Plateruena bera zeuden Durangotik irten barik. Herri guztietan gertatu den zerbait dela iruditzen zaigu, baina Durangoren kasuan nabarmena da. Horregaitik ere, Durangon rock gau bat egitea gura genuen, eta rockzaleen mundu hori batzea. Beste doinu batzuetan nabarmenagoa da, agian, eta guk ere horixe gura dugu, elkartzea.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!