Julen, zerk bultzatuta hasi zinen argazkigintzan?
Julen Uribe: Betidanik gustatu zait. Umetan txokolateagaz oparituriko argazki-kameragaz ibiltzen nintzen. Ontzi gidari lez ere egin nituen 14 urte, 17 urtegaz itsasora lanera joan nintzen, eta orduan ere argazki kamera neraman beti. Singapurren erosi nuen lehenengoa, 'Canon A-1' bat.
Eta urte hauetan guztietan deneriko argazkiak atera dituzu.
J.U.: Bai. Instituzio eta administrazioarentzat lan egin dut, eta enpresentzako argazkigintza publizitarioan. Horrez gainera, txirrindularitzan, kamioi lasterketetan, eta pilota eta zesta punta partiduetan atera ditut argazkiak. Ezkontzak ere egin ditut, eta Getxoko, Gasteizko eta Donostiako jazzaldietan ere ibili naiz. Imanol, Paco Ibañez, Luhartz, Georges Moustaki, Xabier Amuriza, Benito Lertxundi, La Otxoa... horiekin guztiekin lan egin dut. Hertzainak taldeagaz 10 urtean ibili nintzen biran. Haiekin ezagutu nuen Evaristo.
Eneko, aitaren testigua hartu duzu. Erronka handia izan da?
Eneko Uribe: Bai. Hamar urte dira aitagaz argazkigintzan hasi nintzela, apurka joan naiz ikasten, eta hainbat eginkizun nire esku utzi ditu azken bost urteotan. Berarengandik, batez ere, eta bere bitartez ezaguturiko beste argazkilari batzuengandik jaso dut dakidan guztia. Aita erreferente dut txikitatik, ordu asko eman du argazkigintzan lanean. Lan handia egin beharra dago. Gomendio asko eman dizkit, eta gure gorabeherak eduki arren pozik aritu naiz beti beragaz.
Lanbidea baino gehiago da argazkigintza?
J.U.: Pasioa dut. Argazkia ateratzeko, fotografiatu behar dudan horren ariman sartzen naiz, bere azalean jartzen naiz: hurbildu beharra dago, zure lekura ekarri. Ez da erraza izaten.
Hiru hamarkadatan anekdota asko batu daiteke.
J.U.: Batzuk. Agustin Ibarrolaren etxean bazkari bat dut gogoan. Imanol, Paco Ibañez eta George Moustaki ere bazeuden. Argazki bat atera behar nien disko azal baterako. Bat-batean, gai politikoak aipatu eta eztabaida itzela sortu zen. Pilotariekin ere oso hartu-eman estua izan dut beti. Pedro Mari Uriarteren eskutik sartu nintzen pilotan lanean, berak eman zidan aukera.
Asko aldatu da urteetan argazkigintza. Zelan eragin dizue horrek?
J.U.: Argazkigintza digitalak askatasun gehiago eman du eta ekonomikoki merkeagoa da. Lasaitasun gehiagoz egiten dira erretratuak, eta konpontzeko aukera ematen du. Onura asko ekarri du. Analogikoan asko findu behar zen argazkia, aurretik ondo pentsatu. Benetakoagoa zela esango nuke.
E.U.: Bai, aldaketa handia egon da. Eta mugikorrek min handia egin dute. Jendea erakartzen jakin behar da. Aitak ibilbide bat du eginda, izen bat. Lagungarria da.
Zein argazki mota duzue gustukoen?
J.U.: Erretratuak. Jendea aurrez aurre izatea gustatzen zait.
E.U.: Paisaiak gustatzen zaizkit.