“Kontua ez da landa eremua ezagutzen dugun ala ez; begirada da aldatu behar duguna”

Aritz Maldonado 2022ko abe. 7a, 17:10

Leire Milikua abadiñarrak Lur gainean, itzal azpian liburua kaleratu du oraintsu; abenduaren 9an aurkeztuko du Ahotsenean, Josebe Blanco artzainagaz batera. Susa argitaletxeagaz publikatu du liburua, Lisipe bildumaren barruan. Landatartasuna erdigunera ekartzea gura du Milikuak liburuagaz, berbagai bihurtzea.

Liburua landa eremuko emakumeen leiho eta bozgorailu izateko helburuagaz jaio dela diozu.
Lehenengo atalean marko bat sortzen dut, toki bat, datu, aipu eta erreferentziekin; irakurlea hor kokatu gura dut, leiho horrek normalean begiratzen ez diogun leku batera ematen duelako, landa eremura. Bigarren atalean, bozgorailu funtzioa betetzen du. Urteetako ikerketa lanaren bidean topaturiko ahots eta testigantzen bozgorailu izateko. Garrantzitsua da hori esatea, ahots horiek existitzen direlako; nik ez diet ahotsa ematen, badutelako ahotsa. Ez nator ezer berria gehitzera, dagoen horri lekua ematera baino.

Eta zer diote ahots horiek?
Emakumeok sistema honetan ditugun egiturazko oztopoei geruza bi gehitu behar dizkiete emakume hauek: landatarra izatea, sistema urbanozentrista batean bizi garelako; eta nekazari izatea, sistema kapitalista honetan elikagaiak sortzeak duen balioagaitik. Sektoreak egiturazko funtzio oso garrantzitsua du, eta ez dugu baloratzen. Egia da leku batzuetan aldaketak gertatzen dabiltzala, baina irudi publikoa gizonena da, emakumeena itzaleko lana den bitartean. Eta emakumeei parte hartze guneak eskaintzerakoan, ez dira euren neurrikoak. Lan banaketa ez da justua, eta eurentzat prest ez dauden gune batzuetan parte hartzeko eskatzen diegu, gainera.

Nekatuta ikusi dituzu, beraz.
Talka bat dago emakumeei marketingean ematen zaien tokiagaz eta gero euren bizitzan eragin zuzena duten politiken diseinuaren eta aplikazioaren artean. Alde batetik, errekonozitu egin gura ditugu, eta beste alde batetik ito egiten ditugu. Eta askok ez dute joko horretan gehiago jokatu gura. Liburuaren hirugarren atalean hausnarketarako zati bat planteatzen da. Kolektibo honen bizirautea eta parte hartzea ezin da euren gain egon bakarrik. Gai potoloegia delako, alde batetik; eta injustua delako, bestetik.

Ezagutzen dugu landa eremua? Eta landa eremuko emakumeak?
Landa eremura begiratu bai, baina ez dugu landa eremua ikusten, eta gutxiago ulertzen. Herriguneetako klabeetatik ikusten dugu dena, oso klabe urbanoa dugu. Bizi garen sistema ere oso urbanozentrista da eta herriguneetako guztia beste guneetara zabaltzen du. Inertziaz uste ditugun gauza horiek desmuntatzeko tresna da liburuaren helburuetariko bat, gonbidapen bat berrikuspenera, benetan balio duen hori berrikustera. Kontua ez da landa eremua ezagutzen dugun ala ez; begirada da aldatu behar duguna.

Gehiengoa herriguneetan bizi gara. Landa eremua ez den hori, hirigune eta herriguneak, lurraldearen %12 dira, eta  gizartearen %89 herriguneetan bizi gara. Argazki hori klabea da testuingurua ulertzeko. 

Nori zuzenduta dago liburua, nork aldatu beharko luke begirada?
Guztiontzako liburua dela esango nuke, landa eremukoa izan zein ez. Niri, bereziki, herrigune edo hiriguneetan bizi direnek irakurtzea gustatuko litzaidake, begirada aldatzeko. Niri begirada hori aldatzen lagundu didaten gakoetariko batzuk azaltzen ditut.

Josebe Blancok idatzi du hitzaurrea, eta Azokako aurkezpena ere beragaz egingo duzu.
Pikunietan [baserria] ardiekin, eta ez ardiez berak esaten duen lez, lan egiten duen emakumea da. Ikerketa lan batean ezagutu nuen, eta iruditzen zait harago ikustego gaitasuna duen emakume berezia dela. Konexio bat egon zen egin nion lehenengo elkarrizketatik. Editorialetik hitzaurrerako norbait topatzea eskatu zidatenean, hasieran beste batzuk etorri zitzaizkidan burura, ikerketa mundukoak, baina ez nengoen konforme. Josebegaz gogoratu nintzen gero. Lan karga oso handiarekin topatu nuen, baina beti eskertuko diot denbora hartu izana liburua irakurtzeko eta hain hitzaurre ederra idazteko. Niretzat opari bat da, baita aurkezpena beragaz egitea ere. Liburua gauza polit piloa ekartzen dabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!