Abadiñon edo Iurretan nagusien egoitza berri bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak

Anboto 2022ko abe. 5a, 12:27

Sergio Murillok gaur goizean Bizkaia Irratian aurreratu duenez Durangaldean nagusien egoitza berri bat egingo dute. 

Sergio Murillo BFAko Gizarte Ekintzarako diputatuak gaur goizean Bizkaia Irratiko 'Goizeko Izarretan' programan aurreratu duenez, Aldundiak nagusien egoitza berri bat egingo du Durangaldean. Oraindik egoitza hori non egin baloratzen dabiltza, baina Abadiñon edo Iurretan izango da. "Udalerriekin aztertzen gabiltza, ea zer leku egoki dagoen. Eta erabakia hartzerakoan hainbat kontu hartuko dira kontuan: eskuragarritasuna, biztanlego leku batetik hurbil egotea eta garraoibide egokiak izatea, besteak beste", azaldu du Murillok. 

Egoitza berriaren egitearen arrazoiak
Bizkaiko Foru Aldundia bere egoitzak bizikidetza unitate bihurtzen dabil, hau da espazio zabalagoak egiten. Horren ondorioz, egoiliarrendako plazak galtzen dira eta arazo hori konpontzeko egingo dutela nagusien egoitza berria Durangaldean azaldu du diputatuak. Elorrioko egoitzan esaterako 14 plaza galduko dira. Egun 64 plaza daude, baina dagoeneko hasiak diren lanak bukatzen direnean 50 plaza egongo dira. 

Murillori Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa osoa hemen dago entzungai

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!