Café Dromedario-Flotamet taldeko Oinatz Farelok eta Nahia Garciak Lezamako ziklo-krosa irabazi dute

Anboto 2022ko aza. 22a, 09:32
Ezkerrean, Oinatz Farelo podiumaren gorenean. Eskuman, Laida Hierro, Naia Garcia eta Irati Quintano.

Lezamako ziklo-krosen lortu dute garaipena.

Joan zen domekan Lezaman lehiatutako ziklo-krosa emankorra izan zen eskualdeko Cafe Dromedario-Flotamet taldearentzat. Mutilen junior mailan Oinatz Farelo abadiñarra nagusitu zen. Garaipen horrekin, bigarren tokian kokatu da sailkapen orokorrean Bellota taldeko Gari Ugarterengandik puntu bira. Orain arte Euskadiko ziklo-kros egutegiko lau lasterketa lehiatu eta sei falta dira.

Nesken kadete mailan, Café Dromedario-Flotamet taldeko Naia Garcia aramaioarra izan zen irabazlea. Laida Hierro durangarra bigarren geratu zen. Irati Quintano berriztarrak osatu zuen podiuma hirugarren tokian. Sailkapen orokorrean Laida Hierro lider dago 38 punturekin. Irati Quintano laugarren dago (26 puntu) eta Naia Garcia seigarren (24 puntu). Garciak egutegiko lasterketa bi lehiatu eta biak irabazi ditu orain arte.

Euskadiko egutegiko hurrengo hitzordua Abadiñon izango da domeka honetan. Muntsaratzeko zirkuituan maila guztietan egongo dira lasterketak 09:30etik aurrera. Bertan izango da jokoan Bizkaiko txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!