Berrizko ziklo-krosaren 12. aldia lehiatu dute gaur goiz-eguerdian Berrizburu inguruko zirkuituan. Lasterketak hasi orduko, antolatzaileek makina bat lan izan dute haize-bolada indartsuek eragindako oztopoak konpontzen: hesiak erortzen zirela, haizeak helmugako pankarta bota duela... Une horietan bolondres kuadrilla batek egindako lan eskergari esker, Master mailako lasterketak aurreikusitako ordutegian hasi dira.
Master 30 mailan Alexander Olmos izan da irabazlea eta Iurretako Gallanda Txirrindularitza Klubeko Jon Urbieta bigarren sailkatu da; Master 40an David Busto gailendu da eta Master 50/60an Iñaki Parada.
Kadeteak irten dira hurrengo. Maila honetan Arkaitz Susok irabazi du mutiletan eta Cafe Dromedario/Flotamet taldeko Nahia Garciak nesketan. Laida Hierro taldekidea hirugarren geratu da.
11:15ean Emakumeen Opena hasi da eta baita junior mailako mutilena ere. Orduan heldu dira haize-boladarik gogorrenak. Baldintza horietan meritu handiko lana egin dute parte hartzaile guztiek haize-ufada batzuk benetan bortitzak zirelako. Segurtasunaren mesedetan, Emakumeen Openari itzuli bat kentzea erabaki dute lasterketako epaileek eta antolatzaileek. Azkenean, Olatz Odriozola izan da garailea. Bera zen faborito nagusia eta ez du hutsik egin. Nesken juniorretan Nahia Arana nagusitu da eta mutilen juniorretan Gorka Corres.
Ostean, Txiki Kopako erakustaldia egin dute kimu mailako eta haur-kategoriako 200 bat umek.
Gizonen Openarekin amaitu da gaurko ziklo-krosa. Lasterketa honetan ere haize-boladek ez dute atsedenik eman, baina Emakumeen Openekoak baino eramangarriagoak ziren. Manuel Sanchezek erakustaldia emanda irabazi du, Aitor Hernandezen aurretik.
Lasterketako sailkapen guztiak LOTURA HONETAN begiratu daitezke.