Marisa Barrena, Manuel Lekuona saria irabazteko hautagaien artean

Anboto 2022ko urr. 6a, 16:14

Eusko Ikaskuntzak Barrenak historiagintzari egindako ekarpena azpimarratu eta saria irabazteko hautagaien artera batu du. 

Eusko Ikaskuntzak 2022ko Manuel Lekuona sarietarako hautagaiak aurkeztu ditu. Durangaldeko kide bat dago euren artean. Zornotzan jaiotako eta Durangon bizi den Marisa Barrena. Sariketak sorkuntza, ikerketa, kultur sustapen zein gizarte garapen arloko ibilbideak saritzen ditu. Eta hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzak historiagintzari lotutako ibilbideagatik barneratu du Marisa Barrena, hautagaien multzoan. Saria irabazteko gainerako hautagaiak honakoak dira: Enkarni Genua (Antzerkia), Felix Ibarrondo (musikagintza), Luchy Mancisidor (musikagintza) eta Ramon Zallo (kultura). Lotura honetan eman daiteke botoa

Eusko Ikaskuntzak ponderazio bidezko irizpideak ezarri ditu saria nori dagokion erabakitzeko. Eusko Ikaskuntzako bazkideek %30eko erabakimena izango dute; epaimahai instituzionalak %60koa, eta euskal komunitate globalak (internet bidezko botoek) %10. Sariaren irabazlea zein den "urrian zehar" jakinaraziko du Eusko Ikaskuntzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!