Berton Bertokoa dinamikak Bilbon egin berri diren GOZO jardunaldietan parte hartu du, eskola-elikadura osasungarria eta iraunkorra lantzeko nazioarteko topaketetan. Dinamikak jardunaldien "oso balantze baikorra" egin du. "Ikusi duguna da Munduan, Europan zein Espainiako estatuan badaudela eskola elikadura proiektu egingarriak bertako eta sasoiko produktuekin", adierazi du Alex Azpiri kideak. Besteak beste, Portugalgo, Brasilgo, Valentziako, Baleareetako zein Italiako proiektuak ezatugu dituzte. "Portugalen, azukredun freskagarriei ezartzen zaien zerga zelan aplikatzen den ikusi dugu. Brasilgo legeak dio eskola jangeletan eskaintzen diren produktuen %30 tokiko ekoizle txikienak izan behar direla derrigorrez. Valentzian ikusi dugu vending makinetako produktuak erregulatzen direla, opilgintza eta azukreari dagokionez", azaldu du Azpirik.
Horrez gainera, Berton Bertokoak bere aletxoa ipini du jardunaldietan. Dinamikako kideek iazko maiatzean ezagututako proiektu bat eraman dute Bilbora: Italiako Sesto Fiorentino herrian (Florentzia, Toscana) martxan dagoen proiektua. Eskualde horren zati diren udalek eskola jangelen kudeaketa publikoa egiten dute. Sesto Fiorentinoko udal enpresak, adibidez, 7.000 menu eskaintzen ditu egunero, bertako ekoizleen produktuekin. Hain zuzen ere, proiektu horren zuzendaria, Filipo Fossati, gonbidatu dute topaketetara.
Bestalde, dinamikako kideek Durangaldeko politikariak eta elikadura eragileak izan dituzte bidelagun. Batetik, Soloko ekoizleen elkarteko arduradunak. Bestetik, Durangaldeko hainbat ordezkari politiko: Orlan Isoird Berrizko alkatea, Ainara Otxotorena Mañariko alkatea, Mikel Urrutia Abadiñoko EH Bilduko zinegotzia eta Ainhoa Salterain Zornotzako EAJko zinegotzia. Azpiriren iritziz, topaketek argi erakutsi dute "borondate politikoa baldin badago, Durangaldean ere posible dela eskola jangeletarako tokiko eta sasoiko proiektu egingarri bat garatzea". Jardunaldiak atzo amaitu zituzten.