[ARGAZKI GALERIA] Mendien edertasuna, akuarela bihurtuta

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 11a, 15:48

Eñaut Aiartzaguena Bravo ilustratzaile iurretarrak mendi irteeretara akuarelak eramateari ekin zion duela urtebete inguru. Orain, lan horien erakusketa antolatu du Urkiolako Parke Naturaleko parketxean.

Batzuk lagunartean joan ohi dira. Beste batzuk familian. Hamaiketakoagaz, goiz pasa zein zeharkaldian ugari. Lehen orduan asko. Eta ilunsentia paraje eroso batetik ikustera ere beste hainbat. Bakoitzak bere era propioa du mendiaz gozatzeko, eta Eñaut Aiartzaguena Bravo ilustratzaile iurretarrak ere topatu du bere modua: "Mendi irteeretara akuarelak eta koadernoa eramaten hasi nintzen duela urtebete inguru. Mendira igo, lasai hartu eta inguratzen ninduen paisaia, beti ikusi ohi dugun paisaia, beste era batera islatzen hasi nintzen", azaldu du.

Eta hortxe, mendi bat igo eta akuarela bat margotuta, Aiartzaguenak sare sozialetan zabaldu zituen irudiak, harik eta Urkiolako Parke Naturaleko arduradunak beragaz hartu emanetan ipini arte. "Erakusketa bat egitea proposatu zidaten. Esan zidaten ea Urkiola inguruko parajeen irudirik banuen. Batzuk bai, banituen eginak, baina aitzakia baliatuta, mendira jo eta beste hainbat irudi egin nituen", esan du margolariak.

Emaitza, Toki-Alain dago ikusgai. Aiartzaguenak Mendi gardenak izeneko erakusketa ipini du ikusgai Urkiolako Parke Naturaleko parketxean. Parke Naturaleko hamar paraje jaso ditu koadroetan. "Mendiak dira gehienak, baina kobazulo bat ere badago". Koadernoko orriak alde bietatik margotuta zituela eta, Aiartzaguenak aparteko orrietan erreproduzitu ditu jatorrizkoak, tamaina handituta. Erakusketa udan zehar egongo da Toki-Alain, uztailean eta abuztuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!