Metalgintzako beharginek mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta biharko

Anboto 2022ko eka. 29a, 11:26

Metalgintzako sindikatuen Durangaldeko ordezkaritza, 2019ko hitzarmena berritzea eskatzeko mobilizazio batean.

Gaur kontzentrazioa egingo dute Durangoko Andra Marian, 18:30etan. Bihar manifestazioa egingo dute Iurretatik Durangora, Bidebarrietako biribilgunetik 11:15ean abiatuta.

Metalgintza arloan ordezkaritza duten sindikatuek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT) patronalaren "jarrera ardurabakoa" salatuko dute gaur eta bihar. Metalgintzako hitzarmena berritzeko eskariak direla eta, sindikatuek "negoziazioa blokatzen" ibiltzea egotzi diote Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzari (FVEM). Hori dela eta mobilizazio bi deitu dituzte gaurko eta biharko. Gaur arratsaldeko 18:30etan kontzentrazioa egingo dute Durangoko Andra Marian. Bihar, berriz, manifestazioa egingo dute Iurretatik Durangora. Azken honek 11:15etan irtengo du Bidebarrieta kaleko biribilgunetik. Behin Andra Mariara ailegatuta, zazpi sindikatuek adosturiko komunikatua irakurriko dute.

Bizkaiko metalgintzako beharginek hiru eguneko lanuztea dute deituta herrialdeko ituna berritu dadin eskatzeko. Joan zen eguenean egin zuten lehenengoa, eta grebek bihar eta etzi izango dute jarraipena. Barikuan Bilbon mobilizatuko dira guztiak, 11:15etan. Bestalde, joan zen egueneko greba egunari dagokionez, sindikatuek honako balorazio hau egin dute: "Ekainaren 23an, jarraipen masiboa izan zuen greba eta gero, sektoreko ekoizpena gelditu egin zen, eta Bizkaiko Metaleko 15.000 langile baino gehiago joan ziren Bilboko manifestaziora". Orain etortzekoak diren lanuzteei buruz ere honakoa adierazi dute: "Durangaldeko zazpi sindikatuetatik dei egiten diegu sektoreko langile guztiei grebetan beraien lantokietara ez joatera, eta informazio-piketeetan zein deitutako manifestazioetan parte har dezaten".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!