Metalgintzako grebaren lehenengo egunak jarraipen "oso ona" izan du sindikatuen arabera

Ekaitz Herera 2022ko eka. 23a, 18:00

Grebak "jarraipen zabala" izan duela eta "hitzarmen duinaren aldeko borrokan urrats garrantzitsua" eman dutela adierazi dute.

Patronalak eta sindikatuek Bizkaiko metalgintzako hitzarmena berritzeko bilkurak egin dituzte orain arte, baina adostasunik lortu ez dutela eta, metalgintzako beharginek grebara irtetea erabaki dute gaur. Lanak utzita Bilbon mobilizatu dira. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek egin dute grebarako deialdia, era bateratuan. Eta negoziaketek norabide berri bat hartzen ez badute behintzat, mobilizazioek ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean izango dute segida. 

Sindikatuen berbetan, grebaren lehen eguna izaten ari den jarraipena "zabala" da. "Hitzarmen duinaren aldeko borrokan urrats garrantzitsua" eman dutela adierazi dute sindikatuek. Julen Urru Durangaldeko LAB sindikatuko kidea da, metalgintzako arduradunetako bat. Jarraipena "oso ona" izan dela dio. "Balorazio oso ona egiten dugu. Duela hiru urteko grebaren pareko jarraipena izan du, kopuruak berdindu ditugu", dio. Durangaldeko LAB sindikatuak "%80an" kokatu du grebaren jarraipena. "Enpresa handi asko gelditu egin dira, baita hitzarmen propioa duten enpresak ere", gaineratu du Urruk. Zornotzako Forging Steel Products edo Abadiñoko Inyectametal eta Gestamp enpresak ipini ditu jarraipena egin duten enpresen adibide modura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!