“Harrera ona egin digute eta horrek presioa eragiten du, baina gogotsu gaude taulara igotzeko”

Anboto 2022ko eka. 24a, 20:00

Hamalau urteren ondoren, The Kraven talde durangarra taula gainera igoko da berriro. Abadiñon izango da hitzordua, Koba Live jaialdian. Urte hauetan ez dira geldirik egon eta entseatzen jarraitu dute. Urte luzez, Unai Elorza (bateria), Joseba Andoni Irigoras (gitarra) eta Asier Duñabeitia (gitarra) izan dira taldeari eutsi diotenak. Taldekideen joan-etorri batzuen ondoren, boskote modura jarraituko dute. Zapatuko kontzertuan, Erik del Arco (baxua) eta Juan Miguel Abal (ahotsa) ere igoko dira taula gainera. Taldekideak esker oneko agertu dira Koba Liveko antolatzaileek eskainitako aukeragaz.

Zergaitik orain itzulera? 
Asier Duñabeitia: Errenka ibili gara beti, sasoi batzuetan gehiago edo gutxiago entseatzen; urteotan hirukote lez egin dugu aurrera, jende desberdinagaz probatu dugu, baina kontu bategaitik edo besteagaitik ez zuen funtzionatzen. Aldaketa horiek, gainera, gogoan eragin digute.
Joseba Andoni Irigoras: Urte nahikotxo egin ditugu astero entseatzen, abesti berriak ateratzen-eta, baina ikusten genuen ezer ere ez zela heltzen, eta horrek animoan ere eragiten du. Juanmigaz probatu genuen, kontzerturako eskaintza ailegatu zen gero, eta hor serioago hasi ginen abestiak borobiltzeko asmoz. Hilabete batzuetatik hona boskotea gara berriro, Erik geroago batu zen eta. Biek sekulako lana egin dute, eta ekarpenak egin dizkiete abestiei. Kanpoko ikuspuntu horrek beti laguntzen du.
J. A. I.: Abestiak geure erara egin ditugu urteotan; Juanmiren ikuspuntua berezia da, inoiz ez duelako horrelako talderik eduki. Asko entseatu dugu, ea zelan doan kontzertua.

Zapatuko metal jaialdia plaza ona izango da zuen musika zuzenekoan eskaintzeko.
J.A.I.: Jaialdiak itxura itzela du! Guk gure esker ona baino ezin diegu erakutsi antolatzaileei, Sergiori batez ere. Fede ekintza bat izan da bere aldetik.
A.D.: Harrera ona egin digute eta horrek presio puntu bat ere ekarri digu, baina oso gogotsu gaude hainbeste urteren ondoren berriro taula gainera igotzeko.

Estilo aldetik, zelakoa da gaur egungo The Kraven?
A. D.: Asko hobetu dugu musikari lez, dudarik barik, eta hori igarri egiten da. Azken finean, urteotan jotzen jarraitu dugu eta horrela hobetzen da. Urteotan talde asko ezagutu ditugu, doinu berri asko eta hori ere igartzen da. Lehen, beharbada, gehiago entzuten genituen Iron Maiden eta Metallica, eta orain doinu progresiboagoak eta djent doinuak atseginago ditugu.
J. A. I.: Gutxi gorabehera, estilo berean mantentzen gara. Kanta batzuk zaharragoak dira, baina beste batzuk Juanmi etorri ostean amaitu ditugu. Abesti gehiago ere badugu, urteotan erritmo eta riff sorta handia batu dugu, baina ez daude borobilduta eta kontzertura begira ez genuen arriskurik hartu gura. Taldekideetariko batzuk aita gara eta ditugun ordutegiekin ez da erraza elkartzea. Bederatzi abesti joko ditugu: lau berri, lau zahar eta bertsio bat.

Eta, aurrera begira, zein asmo duzue?
A. D.: Abesti berriak borobildu eta grabatzea izango litzateke hurrengo urratsa, baina oraindino ez dugu erabaki ez noiz ez zelan.
J. A. I.: Ez dugu ezer lotuta, eta esango nuke ez dela momenturik onena ere horretarako. Dena dela, nobedadeen berri gure sare sozialen bitartez jakin daiteke, @thekraven666 Instagramen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!