Gaztedi Durangaldea programak bost egitasmo garatuko ditu datozen bi urteetan

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 21a, 12:28

Plastikoaren erabilera gutxitzeko jardunaldiak, lana bilatzeko coaching saioek, eta enplegu azokak osatuko dute Gaztedi Durangaldearen eskaintza berria.  

Gaztedi Durangaldea programak eskualdeko gazteei begirako bost egitasmo egingo ditu datozen bi urteetan. Euretako bat Precious Plastic programa izango da, plastikoaren erabilera gutxitzeko programa. Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentearen berbetan, programak "jasangarritasuna, teknologia eta ekintzailetasuna" sustatuko ditu, "kontzientziazioa eta berrerabilpena" aintzat hartuta. Bigarren egitasmo bat lana bilatzeko coaching programak eskaintzea izango da. Zazpi saio egingo dituzte. Bi Zornotzan, hiru Durangon eta beste bi Ermuan.

Alkarregaz Eraikiz programak ere segida izango du ikastetxeen, ikasleen eta enpresen elkarlanagaz. Elkoroiribek aurreratu duenez, 2023an Enplegu Azoka bat egingo dute. Laugarren programa gazteen lehen esperientzia profesionala lantzera bideratuko dute. Next Generation funtsari eskerrak 10 eta 12 hilabeteko praktika kontratazioak bultzatuko dituzte administrazioan. Bestalde, udalekuetako begirale egiteko ikastaroa martxan dago.

Instituzioen elkarlana

Gaztedi Durangaldea programa instituzioen arteko elkarlanari eskerrak egingo da. Proiektuan Mankomunitateak, bertan sartuta dauden udalerriak, Zornotzako Udala, Ermukoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzen dute. Maitane Leizaola Aldundiko kabinetearen koordinaziorako zuzendariaren berbetan, "gazteek Bizkaia aukerez beteriko lurraldea" dela ikusiko dute, "euren garapenerako eta euren bizimodurako lurraldea". Alde horretatik, Leizaolak "programan parte hartzera, foroetara hurbiltzera" deitu ditu gazteak. Eurekin "hartu eman zuzena" izateko, "euren gogoak eta beharrizanak kontuan hartuta" diseinatu dute eta programa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!