GURE ESKU

Durangaldeko herritarrek Auritz, Orreaga eta Baztan aldeko tontorrak argituko dituzte Pirinioetako Bidean

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 20a, 11:22

Gure Esku eta Kataluniako ANC eragileek Pirinioetako Bidea antolatu dute uztailaren 2rako. Euskaldunek eta kataluniarrek 300 mendi tontor argiztatuko dituzte autodeterminazio eskubidearen alde, Higer lurmuturretik Creusera. 

Gure Esku, Assemble Nacional Catalana eta Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya erronka erraldoi bat prestatzen ari dira elkarlanean. Autodeterminazio eskubidearen alde, Pirinioetako 300 mendi tontor argitzera deitu dituzte herritarrak. Higer lurmuturretik (Hondarribia, Gipuzkoa) hasita Creus lurmuturreraino (Gironako kostaldea) mendiak argiztatuko dituzte. Euskaldunek 115 argituko dituzte, Higerretik Benasquera (Huesca, Aragoi) artekoak. Erronka uztailaren 2an izango da. Egitasmoaren bultzatzaileek diotenez, helburua "kataluniarrek eta euskal herritarrek etorkizuna libreki, burujabe", erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzea izango da. 

Izen ematea zabalik

Erronkan izena eman gura duten Durangaldeko herritarrek zabalik dute izena emateko epea. Web orrialde honetan bete daiteke inprimakia, Bizkaiari dagokion atala sakatuta, eta norberari dagokion udalerria aukeratuta. Erabiltzaileak bertan topatuko ditu uztailaren 2an jarraitu beharreko argibideak. Gainerakoan, Pirinioetako Bidea orrialdean topatu daiteke informazio gehiago.

Durangoko Udalak Lindus mendia argiztatzeko farola bat erosi du ekimenari ekarpena eginez.

Durangaldeko herritarrak, Auritz eta Baztan aldera

Gure eskualdeko herritarrek esleituta dituzte tontorrak. Herri bakoitzak berea du. Gehienak Nafarroako Auritz eta Orreaga herrien inguruko mendiak dira, zelaidunak, aparteko haitz edo zailtasunik bakoak. Otxandiarrak, aldiz, Baztango Argintzu mendira joatera daude deituta. Baztango tontorretako bat da, baina hego-ekialdetik, Kintoa aldetik abiatuta igo beharko dute gailurrera. Urkiagako lepotik gora hain zuzen ere. Honako hauek dira herri bakoitzari esleitutako tontorrak:

TONTORRAK, HERRIKA

  • Abadiño - Mendiaundi (1.213 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Atxondo - Mendiaundi (1.213 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Berriz - Menditxuri (1.194 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Durango - Lindus (1.218 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Elorrio - Menditxuri (1.194 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Garai - Lindus (1.218 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Iurreta - Lindus (1.218 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Izurtza - Mendiaundi (1.213 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Mallabia - Menditxuri (1.194 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Mañaria - Mendiaundi (1.213 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Otxandio - Argintzu (1.208 metro. Baztan, Nafarroa)
  • Zaldibar - Menditxuri (1.194 metro. Auritz, Nafarroa)
  • Zornotza - Lindus (1.218 metro. Auritz, Nafarroa)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!