[ARGAZKI GALERIA] Pentsiodunen bizikleta martxak Durangaldea zeharkatu du aldarrikapenez beteta

Anboto 2022ko eka. 15a, 18:20

Gaurko etapako zatirik handiena Durangaldean izan da. Hainbat herritan harrerak egin dizkiete. Elorrion bazkaldu dute eta Zornotzan egingo dute lo.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua bizikleta martxa bat egiten ari da hainbat eskubide aldarrikatzeko. Astelehenean hasi ziren eta ekainaren 25ean Donostian amaituko da manifestazio batekin. Gaurko laugarren etapako kilometrorik gehienak Durangaldean izan dira.

Berriztarrek Trabakuan egin diote harrera martxari eta herrigunera arte eurekin joan dira. Ondoren, Elorrio, Durango eta Iurreta zeharkatu dituzte, Zornotzarantz abiatu aurretik. Herri denetan harrerak egin dizkiete dantzekin, bertsoekin… Herriz herri asteroko batzarretan parte hartzen duten hainbat nagusi ere omendu dituzte, esker ona adierazteko. Kristina Mardaresek hainbat bertso kantatu ditu Durangon, eta Juan Mari Areitiok, Iurretan.

Iurretatik Zornotzarantz abiatu dira. Han ere ekitaldi bat izango da udaletxe pareko plazan. Martxako kideek Zornoza abesbatzaren lokalean afaldu eta Ixerbekoa kiroldegian lo egingo dute. Bihar, 09:00etan, ekingo diote bosgarren etapari.

Aldarrikapenak

Herri herri martxaren helburuak eta aldarrikapenak jasotzen dituen manifestua irakurri dute. "Martxa honekin 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana nabarmendu nahi ditugu", adierazi dute. Horrekin batera, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatu diete 2023ko aurrekontuetan "1.080 euroko osagarria sartzea estatuko gobernuak gutxieneko pentsioa erabakitzen duen bitartean".

Pentsionisten mugimenduak herritar guztiei dei egin die bizikleta martxa igarotzen den herrietan antolatzen diren ekitaldietan  "modu aktiboan" parte hartzeko. "Denok dakigu pentsioen borrokak egungo langileei ere eragiten diela. Erretiroaren osteko bizi baldintzak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala da", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!