Pentsiodunen bizikleta martxa Durangaldean zehar dabil

Anboto 2022ko eka. 15a, 13:32
Pentsiodunen bizikleta martxa, Berrizko Urtiaga plazan.

Goizean Berriztik eta Elorriotik ibili dira. Bazakalostean Durangorantz abiatuko dira.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua bizikleta martxa bat egiten ari da hainbat eskubide aldarrikatzeko. Astelehenean hasi zen eta hilaren 25ean amaituko den martxa Durangaldetik dabil gaur. Berriztarrek Trabakua gainean egin diote ongietorria martxari eta eurekin joan dira herrigunera. Urtiaga Plazan ekitaldia egin dute. Besteak beste, Jacinta Conejo omendu dute. Bera da astelehenetan egiten duten batzarretako pertsonarik beteranoena. "Bera eta bere bezalako emakumeak dira gure borrokaren gauzarik onena", nabarmendu du Berrizko pentsionisten mugimendutik. 

Berriztik Elorriora joan da martxa. Elorriarrak Miotan izan dituzte zain eta elkarrekin joan dira plazara are. Martxako kideek Elorrion bazkalduko dute, jubilatuen etxeko kanpoaldean. 60 lagunentzako paella prestatu dute.

Bazkalostean martxari berrekingo diote. Martxako kideak 16:45ean helduko dira Durangora eta ekitaldia egingo dute Ezkurdin. Durangotik Iurretara joango dira, 17:30 inguruan, eta herriguneari itzuli bat eman ostean, Askondoko aterpean batuko dira.

Iurretatik Zornotzarantz abiatuko da martxa, gaurko etapa amaituko den herrira. Zornotzarrek 18:30ean egingo diote ongietorria. Bizikleta martxakoek Zornoza abesbatzaren lokalean afaldu eta Ixerbekoa kiroldegian lo egingo dute. Bihar, 09:00etan, ekingo diote laugarren etapari.

Elorrioko bazkariko irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!