Pentsiodunen bizikleta martxaren harira, Durangaldeko herrietan antolatutako ekitaldiak aurkeztu dituzte

Anboto 2022ko eka. 7a, 15:41

Gaur Durangoko Ezkurdin eskainitako prentsaurrekoko irudia.

13 etapako martxa ekainaren 15ean, datorren asteko eguaztenean, igaroko da Durangaldetik.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa bat egingo du ekainaren 13tik 25era. Donostian hasi eta amaitu den martxak Euskal Herriko hainbat eskualde zeharkatuko ditu, tartean, Durangaldea. Datorren asteko eguazteneko etapa igaroko da eskualdetik, Ondarroan hasi eta Zornotzan amaituko dena, eta gaur prentsaurrekoa eskaini dute Durangon herriz herri antolatu diren ekimenak aurkezteko.

Berriztarrek Trabakuan egingo dute bat martxarekin, 11:00 inguruan, eta orduerdi geroago helduko dira herrigunera. Han, 300 bat metro oinez egingo dituzte Urtiaga Plazara heldu arte. Ostean, ongietorri ekitaldia egingo dute eta, besteak beste, herriko adineko bat omenduko dute. Herriko kolektiboei bertaratzeko deia egin diete.

Berrizetik Elorriora joango da martxa. Elorriarrak Miotan izango dituzte zain. Herrigunera jaitsi eta Elorrioko alkateak ongietorria emango die 12:00etan. Ondoren, 12:30ean, Nizeto Urkizutik plaza nagusira arteko bidea oinez egingo dute. Ostean, jubilatuen etxeko kanpoaldean bazkalduko dute. 60 lagunentzako paella prestatuko dute.

Bizikleta martxa 16:45ean helduko da Durangora. Landako etorbidea, Fray Juan de Zumarraga, Alluitz eta Askatasun etorbidea zeharkatuko dituzte. Han, Jaizaleko txistulariek lagunduta sartuko dira Ezkurdin. Kriskitin taldeak dantzak eta Kristina Mardarasek bertsoak eskainiko dituzte.

Durangotik Iurretara joango da martxa. 17:30 inguruan, Maspetik eta Bidebarrietatik Batzokira arte joango dira. Handik Askondoko aterpera arteko bidea oinez egingo dute. Dantzak eta bertsoak egongo dira eta hainbat lagun omenduko dituzte.

Iurretatik Zornotzarantz abiatuko da martxa, egun horretako etapa amaituko den herrira. Zornotzarrek 18:30ean egingo diote ongietorria. Herriko kaleetatik ibili eta udaletxe pareko plazan elkartuko dira. Musika, koplak, omenaldiak… egongo dira. Bizikleta martxakoek Zornoza abesbatzaren lokalean afaldu eta Ixerbekoa kiroldegian lo egingo dute. Hurrengo egunean, 09:00etan, ekingo diote laugarren etapari.

Aldarrikapenak

Bizikleta martxarekin 1080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publiko hobeak eta zainketa partekatuaren garrantzia aldarrikatu gura dituzte, besteak beste. "52 hilabeteko borrokak erakusten digu gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Hori dela eta, herritar guztiei dei egiten diegu Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan", adierazi dute gaur Ezkurdin eskainitako prentsaurrekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!