Oiz inguruetan topaturiko aurkikuntza geologikoak "historiaurreko hileta-sekuentzia megalitiko luzeenetakoa" osatzen dute

Anboto 2022ko eka. 10a, 09:14
Igor Agirre, Juan Carlos Lopez Quintana eta Orlan Isoird

AGIRI arkeologia elkarteak egindako ikerketek bi cromlech berri plazaratu dituzte. Zehazki, Burdin Aroko hilobi monumentuen lehenengo ebidentziak topatu dira Bizkaiko lurraldean. Berbaldian azaldutakoaren arabera, Iturzuriganako eta Probazelaiburuko multzo megalitikoak "Pirinioetako cromlech edo harrespilen eremu nuklearretik urrutien daude monumentuak" dira. 

Eguazteneko hitzaldian Juan Carlos Lopez Quintana ikerketa zuzendu duen arkeleogoak, Igor Agirre Mallabiko alkateak eta Orlan Isoird Berrizko alkateak parte hartu zuten. "Probazelaiburuko Ama Birgiñen Baso eta Ipiñarrietako trikuharrien kronologia neolitiko-kalkolitikoa datu morfologiko eta tipometrikoek iradokitzen dutena egiaztatzen bada, Oiz mendian Bizkaiko historiaurreko hilobi-sekuentzia megalitiko luzeenetako bat dugu. Lau mila urte inguruko sekuentzia bati buruz ari gara, hileta-praktiken bilakaera batekin, hilobiratze kolektibo eta indibidualak eta gorpuen errausketak batzen zituena", azaldu zuen Lopez Quintanak. 

Ikerketagaz 2021ean hasi ziren, Oizko estazio megalitikoaren ebaluazio arkeologikoa, babestu eta balioan jartzeko proiektua martxan jarri zenean. Bost monumentuk osatzen dute estazio megalitikoa. 

Bisita gidatuak

Hitzaldiaz gainera, ekainaren 19an bisita gidatuak egingo dituzte gune hartara. Bertan, lanean aritu diren arkeologoek Oizko estazio megalitikoan egindako aurkikuntzak azalduko dituzte, bai eta bi eremu horietan egindako esku-hartze arkeologikoak ere. Bisita gidatuaren ondoren hamaiketako txiki bat egingo dute eta 12:30 inguruan itzuliko dira.

Ibilbidea oinez egiteko zailtasunak dituzten pertsonek doako autobus zerbitzua izango dute bi herrietan. Horretarako, 94 682 4036 telefonora deitu beharko da aldez aurretik, eta izen-abizenak eta NANa eman.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!