Oiz mendian historiaurreko aurkikuntza arkeologikoak egin dituzte eta euren berri emango dute hitzaldi eta bisita gidatuekin

Anboto 2022ko eka. 3a, 13:53

Berrizko eta Mallabiko udalaren eskariz, AGIRI Arkeologia Elkarteak burutu du ikerketa.

Berrizko eta Mallabiko udalek, AGIRI Arkeologia Elkartearekin batera, ikerketa arkeologikoak burutu dituzte Oiz mendiko gune bitan. Guneak administrazio bietako lurretan daude: zehazki, Iturzuriganan (Berriz) eta Probazelaiburun (Mallabia).

Toki hartan multzo megalitikoak daude eta haiek ikertzen aritu dira 2021az geroztik. Ekialdeko Kantauriko Historiaurrea Berriaren barruan aurkikuntza "berritzaileak" egin dituzte udal biek ohar batean jakinarazi dutenez. Lan arkeologiko horren emaitzak datozen egunetan aurkeztuko dituzte.

Hitzaldia

Alde batetik, ekainaren 8ko asteazkenean, 19:30ean, Berrizko Kultur Etxean egingo den hitzaldi batean jakinaraziko dira emaitzak, AGIRI Arkeologia Elkarteko Juan Carlos López Quintana arkeologoaren eskutik. Oiz mendia: lau milurteko hileta-praktikak, espazio sakratua eta lurralde-erreferentzia oraintsuko historiaurrean izena du hitzaldiak.

Orlan Isoird eta Igor Aguirre Berrizko eta Mallabiko alkateek ere parte hartuko dute. “Berriztar eta Mallabitar guztiei hitzaldira etortzeko gonbidapena luzatzen diegu, inguru horretan egiten ari diren lana eta aurkitutako aurkikuntzak azaltzeko”, azaldu dute azaldu dute alkate biek.

Bisita gidatuak

Hitzaldiaz gainera, ekainaren 19an bisita gidatuak egingo dituzte gune hartara. Bertan, lanean aritu diren arkeologoek Oizko estazio megalitikoan egindako aurkikuntzak azalduko dituzte, bai eta bi eremu horietan egindako esku-hartze arkeologikoak ere. Bisita gidatuaren ondoren hamaiketako txiki bat egingo dute eta 12:30 inguruan itzuliko dira.

Ibilbidea oinez egiteko zailtasunak dituzten pertsonek doako autobus zerbitzua izango dute bi herrietan. Horretarako, 94 682 4036 telefonora deitu beharko da aldez aurretik, eta izen-abizenak eta NANa eman.

"Proiektu garrantzitsua"

Herri bietako alkateek aurrera eramandako egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute. “Berrizko Udaletik, azken urteotan, udalerriko natura- eta kultura-ondarea berreskuratzeko eta balioesteko proiektu garrantzitsu bat lantzen ari gara, Oiz mendiaren ingurua ardatz duena, eta ikerketa honen emaitzak, aurkitutako aurkikuntzengatik berriak, proiektu horren barruan daude", azaldu du Orlan Isoird Berrizko  alkateak. Bestalde, Mallabiko alkateak, Igor Aguirrek, azpimarratu duenez, “azken urteotako udal-aurrekontuaren ardatzetako bat Mallabiko kultura-ondarea berreskuratzea da, gure historia eta ingurunea balioesteko. Horretarako, hainbat jarduketa egiten ari gara, eta horien barruan kokatzen da proiektu arkeologiko hau Oiz mendian".

EKAINAK 8

  • Zer: Hitzaldia: 'Oiz mendia: lau milurteko hileta-praktikak, espazio sakratua eta lurralde-erreferentzia oraintsuko historiaurrean'.
  • Ordua: 19:30
  • Tokia: Berrizko Kultur Etxea
  • Parte hartzaileak: Juan Carlos Lopez Quintana AGIRI Arkeologia Elkarteko arkeologoa, Orland Isoird Berrizko alkatea eta Igor Agirre Mallabiko alkatea.

EKAINAK 19

  • Zer: Bisita gidatua. 15 kilometroko mendi-itzulia izango da. Bisita gidatuak 10:30ean izango dira. Itzulera 12:30ean izango da eta Kurutzebarritik jaisteko aukera egunean bertan baloratuko da.
  • Ordua: 09:00etan, Berrizko Elizondo Plazan; 09:30ean, Mallabiko Zengotita auzoko ermitan.
  • Doako autobusa: Ibilbidea egiteko zailtasunak dituztenentzat. Plaza mugatuak daude.
    Telefonoa: 94 682 40 36.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!