Topaketa aprobetxatuta, Aldundiko arduradunek harrera familien programako hainbat datu eman zuten. Gaur egun, Bizkaian 297 adin txikiko daude harrera familiaren batean: euretariko 114 kanpoko familietan, eta 183 senitartekoren bategaz: aitita-amamekin, izeba-osabekin, neba-arrebekin…
Datu horiek gehiago zehaztu daitezke. Kanpoko familiekin dauden 114 umeetarik gehienak, 97, modu iraunkorrean daude; hau da, harrera egonkorra da, urte bi baino gehiagokoa, eta behin betiko neurria izan daiteke. Beste 12 aldi baterako programan daude —urte bi gehienez—, eta 7 larrialdikoan. Azken hori, larrialdikoa, 6 urtetik beherako haurrei bideratuta dago. Familia babeserako zer neurri dagokien erabaki arte egoten da haurra harrera familia bategaz, gehienez sei hilabetez.
Senitartekoren bategaz dauden 183 adin txikikoen kasuan, gehienak, 165, modu iraunkorrean daude eurekin, eta 18 baino ez dira aldi baterako programan dauden umeak. Kasu honetan, ez dago umerik larrialdi programan.
Guztira, 253 dira umeren bat eurekin hartu dituzten familiak: 106 kanpoko familiak dira, eta 147 senitartekoak edo odolezko loturaren bat dutenak. Familia kopurua umeena baino baxuagoa da, arrazoi honengaitik: kasu batzuetan, ume bat baino gehiago hartzen dira familia harreretan, neba-arreba bi, ahizpa bi...
Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak mota honetako programen garrantzia azpimarratu zuen zapatuko ekitaldian: "Gizarte-errealitate honen alde asko egin daiteke familia harreran parte hartuz gero. Adintxikiko baten bizi-historia aldatu egiten da".
Egitasmoaren gaineko informazio gehiago honako helbide honetan lortu daiteke: www.web.bizkaia.eus/eu/familia-harrera