Zergaitik erabaki zenuten harrera familia bihurtzea? Zerk eraman zintuzten pauso hori ematera?
Behin Donostian ume bat zaborrontzian abandonatu zutela entzun genuen, eta familia batek hartu zuela. Hemen norbait behar duen ume asko dago eta pentsatu genuen: "Zergaitik ez gu harrera familia bihurtu?". Jakina, oso ondo pentsatuta ematen duzun pauso bat da. Zergaitik eman genuen azkenean pauso hori? Ume bati laguntzearren. Azken batean, ez genuen beste alaba bat izateko beharrik. Ume bati laguntzeko nahiak eraman gintuen harrera familia izatera.
Familia harrerei sarritan galdetzen ei zaie: 'Zergaitik ez ume bat adoptatu?'. Sarritan entzun duzuen galdera da?
Horrela planteatuta ez, baina bai etxean hartu genuen umearen inguruan "noiz izango da zuena?", "noiz adoptatuko duzue?", eta antzerakoak. Ezin dugu adoptatu, adopziorako baldintzak beste batzuk dira eta.
Zelan gogoratzen duzue ume bat harreran hartu zenezaketela esan zizueten momentu hori? Estresantea izan zen?
Neskato bat harreran hartzeko zain zegoela esan ziguten, guk hartzeko baldintzak betetzen genituela, eta pentsatzeko. "Ez dugu pentsatu beharrik", esan genuen. Ni haurdun geratu nintzenean ez zitzaidan arduratu neska ala mutila zen, honelakoa ala bestelakoa zen… "Aurrera", esan genuen.
Alaba biologiko bi dituzue. Erabakia hartu aurretik, haiekin kontsultatu zenuten?
Bai, jakina. Erabakia lauron artean hartu genuen. Eurek ezetz esan balute, ez genuen aurrera jarraituko. Hori argi geneukan, lehenengo momentutik. Guk ideia planteatu eta argi esan genien gogorra izan zitekeela, eta euren laguntza beharko genuela. Konforme egon ziren.
Familia berria eta inguru berria umearentzat, esperientzia ezezaguna zuentzat… Zelakoak izan ziren lehenengo egun haiek?
Umea egoera asimilatzen eta bere burua egoera berrian kokatzen zebilen. Egun gogorrak eta momentu latzak izan ziren, bai berarentzat eta bai guretzat. Umeak dagoeneko eginda zegoen familia batera egokitu behar izan zuen. Guretzat, bere bizitzari buruz oso gutxi dakizun ume bategaz zelan jokatu jakitea ez zen batere erraza. Ez genekien bere lau urteko buru txikitik zer pasatzen zen. Pazientzia handia izan genuen denok, bai guk eta bai berak. Esan dezakegu harrera familiakook master bat egiten dugula denbora gutxian. Pazientzia handia izan zen gakoetariko bat, gure partetik zein bere partetik.
Umeak zer beharrizan zituen afektiboki?
Ni, amaren figura nintzen ikuspegitik, hasieran baztertu egiten ninduen. "Zu ez", esaten zidan. Nire senarra hasieratik onartu zuen, baina ni ez.
Aitaren figura da une horretan behar zuena?
Ez zen hori. Kontua da bere ama biologikoaren baimena behar zuela ni onartzeko. Azken batean, dena prozesu bat da eta une horretan hori sentitzen zuen.
Zelan konpontzen zen zure beste alaba biekin?
Ondo, egia esan, eta guri laguntzen ahalegintzen ziren. Sarritan, bitartekari lez erabiltzen genituen umeari mezuak helarazteko. Ahizpei kasu gehiago egingo ziela uste genuen.
Pasatu zitzaizuen burutik amore ematea?
Amore ematea ez, baina bai "non sartu gara?" eta antzerakoak. Azken batean, aurretik ezin duzu jakin non sartzen zaren eta inork ezin zaitu guztiz prestatu. Ikastaroak daude, prestatzen laguntzen dizute, baina momentua heltzen denean baino ez duzu jakiten benetan non sartu zaren.
Harrezkero, bost urte joan dira. Gaur egun zelakoa da hartu-emana?
Guztiz integratuta dago. Anekdota bat dut gogoan. Behin esan nion: "Familiakoa zarela ematen duzu". Familia biologikoa esan gura nuen. Eta berak: "Ez naiz familia ala? Ni familia honetakoa naiz", erantzun zidan. Eta horrela da, arrazoi zuela esan nion. Jakina badena.
Ama deitzen dizu?
Bai.
Gogoan duzu ama deitu zizun lehenengo aldia?
Bai. Hasieran 'Mirentxutxu' deitzen zidan, gero 'mamitxu', eta denbora batera ama deitzen hasi zitzaidan. Prozesu bat izan zen. Senarrari lehenago hasi zitzaion aita deitzen.
Pertsonalki zertan izaten ari da aberasgarria esperientzia hau guztia?
Berarengandik jasotzen dudan guztia da aberasgarria; ematen didan besarkada bakoitza, jasotzen dudan maitasuna…
Zelako hartu-emana duzue bere guraso biologikoekin?
15 egunerik behin alabak bisita du bere guraso biologikoekin, eta gu ere egoten gara eurekin, Aldundiko teknikari bat bitartekari dela. Guraso biologikoei umearen berri ematen diegu, eskolan zelan dabilen eta abar. Umeak bi munduen artean lotura bat izatea da helburua.
Eskolan gustura dabil?
Bai. Guraso batzuek badakite ez dela gure alaba biologikoa, eta beste batzuek ez. Gertuko batzuek gerora jakiten dute. Azken batean, ez dugu sentitzen gure alaba biologikoa den ala ez zehaztu behar dugunik. Guretzat gure alaba da.
Harrera iraunkorrean egoteak ez du esan gura betiko egongo denik zuekin. Noizbait joan daitekeen aukerak izutzen zaituzte?
Ez dugu horretan pentsatzen. Ez du merezi denbora batera zer gertatu daitekeen pentsatzeak. Joaten bada, badaki gu beti hor egongo garena berarentzat.