Boroako industrialdea eta Erletxe lotuko dituzte bizipista berri batekin

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 23a, 13:00

Aldundiak 2024an hasi gura ditu eraikitze lanak. Zornotza eta Iurreta lotuko dituen bizipistaren lanak, bestalde, aurrera doaz. Datorren urteko martxoan erabilgarri egotea gura dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun jasangarriari loturiko proiektu berriak iragarri ditu. Bizikletentzako bizipista zabal bi eraikiko ditu. Erletxeko eta Larrabetzuko industrialdeak lotuko ditu batek, eta Erletxeko eta Boroako industrialdeak besteak. Bidegorri ardatz biak elkarrekin lotuta egongo dira, guztira 7,9 kilometroko bidea osatuta eta dagoeneko herriguneetan ipinita dauden bidegorriak konektatuko ditu. Gaur gaurkoz, Aldundiak onartuta ditu trazadura-proiektu biak baina oraingoz ezjakina da noizko egongo diren erabilgarri. Dena den, Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak aurreikusi du lanak 2024an has daitezkeela. 

Zornotza-Iurreta bizipista, datorren martxorako

Bestalde, Pradalesek martxan dagoen Zornotza-Iurreta bizipistari buruzko azalpenak eman ditu:  "Lanak erritmo onean doaz. Denbora tarteen barruan gaude. 2023ko martxorako bizipista honetatik zehar bizikletak eta oinezkoak ikustea gura dugu", azaldu du. Bizipistak hiru eremu izango ditu bere zabaleran. Zati bat isolamendu horma izango da. Bidegorriaren trazadura hein handi batean A-8 autopistaren ondoan joango denez, horma horrek zarata isolatuko du txirrindularientzat. Beste zati bat oinezkoentzako eremua izango da, eta beste bat errei biko bizikleta-bidegorria. Pradalesek azpimarratu du Iurreta eta Zornotza arteko bizipista Bizkaiko lurralde osoko "zabalenetakoa" izango dela.

Distantzia urriko desplazamenduak

Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun ohiturak aldatu gura ditu apurka-apurka. Proiektu hauek egiterakoan Danimarkako eta Herbehereetako ereduak hartu ditu aintzat. "Ahalegina  egin gura dugu distantzia urriko desplazamenduak, 8 kilometrotik beherakoak, autoz barik bizikletan egiten", adierazi du Pradalesek. "Egunero-egunero 8 kilometrotik beherako 680.000 bat desplazamendu egiten dra Bizkaian. Honako hau epe luzera begirako apustua da eta testuingurua alde daukagu", azpimarratu du foru diputatuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!