“Alerta taldeak Iruñean eurekin jotzea eskaini digu, 25. urteurreneko biran”

Aritz Maldonado 2022ko mai. 14a, 10:30

TPK [Te Parto la Kara] eta Rise Up taldeen errautsetatik jaiotako taldea da Konorte. Oraintsu, doinu eta berba zorrotz eta zuzenez osaturiko lan berria kaleratu du Urtzik (bateria), Morok (baxua), Alainek (gitarra), Paulek (ahotsa) eta Oñatek (gitarra) osatzen duten taldeak. Hasieran egiten zituzten punk bertsioak guztiz alboratu barik, denboragaz modu naturalean egin dute Konorterako bidea.

Zelako harrera izan du diskoak?
Goiz da hori esateko, baina, egia esan, ez dugu ezer handirik espero. Atera gura izan dugun proiektua da, geuk eta geuretzat egindakoa. Dena dela, uste dugu harrera ona izan duela. Etorkizunean beste bat ateratzea espero dugu.

Zeuen kabuz grabatu eta kaleratu duzue. Zelako prozesua izan da?
Geuk grabatu eta masterizatu dugu dena, baxu-jotzailearen estudioan [Silent Town Records]. Prozesua nahiko luzea izan da eta ordu asko sartu ditugu estudioan pandemia garaian, horrek suposatu dituen arazoekin. Asko ikasi dugu prozesuan zehar; ordurik gehien sartu dituen taldekidea Moro izan da. Berak hartu du ardura nagusia grabazio eta masterizazio lanetan. 

Hardcore eta metal eraginak nabariak dira zuen doinuetan. 
Influentziak zenbaezinak dira. Alde batetik, umetatik eragin diguten Euskal Herriko metal, rock eta punk taldeak aipatu behar, eta nazioarteko beste askok ere asko eragin digute, batez ere hardcore eta metal taldeek; Deftones, Pantera, Comeback Kid eta Madball taldeek, esaterako. Gure abestien hitzak nahiko zuzenak dira, kritika sozial eta politikoa egiten dugu. Egia esan, inoiz ere ez dugu horretaz berbarik egin taldean, abesti guztiak normaltasunez irten dira, gure eguneroko eztabaidetan dauden gaiak direlako. Agian, Kiratsa, Ekaitza eta Boikot abestiek definitzen dute gehien gure taldearen nortasuna, egungo zirku politiko eta mediatiko ororekiko gure nazka argien eta zuzenen adierazten dutenak direlako.

Pablo Hasel rap abeslariak ere parte hartu du. 
Aspalditik ezagutzen dugu elkar, preso politikoekiko elkartasun mugimenduaren bitartez. Pablo Hasel militante komunista estatu faxistak bahituta du kartzelan, eta hara joan gara bera bisitatzera. Ez dugu kontaktua galdu. Diskoa berari eskaini gura izan diogu, eta, ahal dugun neurrian, ekonomikoki ere laguntzen ahalegintzen gara. Berak parte hartu duen abestia kartzelan bizia galdu zuten PCE(r)-ko Kepa Krespo eta Grapoko Jose Manuel Sevillano presoei buruzkoa da; Patxi Ruiz preso politikoa gose eta egarri greban zegoen bitartean konposatu genuen; Pablok oso ondo ikusi zituen gaia eta abestia, eta Urtzik lyric bideoa egin zuen YouTuben publikatzeko. 

Zuzenean aurkezteko gogoz?
Zornotzako eta Ondarroako gaztetxeetan eman ditugu azken kontzertu biak, eta diskoa oraindino atera barik bazegoen ere, diskoaren aurkezpena izan dira guretzat. Diskoa ordurako publikatuta egotea geneukan buruan, baina ezinezkoa izan zaigu. Kalean kontzertu bat ematen ahalegindu gara Durangon, baimena eskatuta, baina udalak ukatu egin digu aitzakia anbiguoak ipinita. Badugu beste kontzerturen bat lotuta, eta beste batzuk airean, baina gurago dugu oraingoz ezer ez iragarri. Oraingoz, Durangoko Alerta taldeak Iruñean eurekin jotzea eskaini digu, 25. urteurren biran. Egia esan, orain arte ez gara asko mugitu kontzertuak lotzeko; beharbada, orain, diskoagaz apur bat gehiago mugitzen ahaleginduko gara. 

Non erosi daiteke diskoa?
Oraingoz, formatu fisikoan Durangoko Amalurren, gilda eta marianitorik gozoenak dituen tabernan, eta Txalapartan, musika eta giro ezin hobea duen tabernan dago eskuragarri. Otxandion ere erosi daiteke, Danoena tabernan. Gasteizko Record-Ando banatzaileak ere kopia batzuk eskatu dizkigu. Dena dela, diskoa zenbait musika plataformatan dago entzungai (Spotify, YouTube, Bandcamp...).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!