Durangaldeko Bilgune feminista: hogei urte paradisuak erretzen

Aritz Maldonado 2022ko api. 29a, 09:30

Euskal Herriko Bilgune Feministak hamarkada biko ibilbidea ospatuko du; hogei urte daramatzate lanean eta azken urteetan taldeak sortu dituzte Durangon eta Elorrion.

20 urtez "paradisuak erretzen" aritu direla ospatuko du Euskal Herriko Bilgune Feministak antolakundearen hogeigarren urteurrenean. "Paradisu fiskala, familiarra, paradisu kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa", diote. Bide horretan paradisu horiei maskarak kendu, konfliktoan ipini eta deserosoak izatea izan dira gakoetariko batzuk, Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidearen berbetan: "Feminismoak berak egunerokotasunean ukitzen edo zapaltzen gaituzten gaiak azaleratzen ditu, problematika asko ukitzen du, eta, beraz, horri aurre egiteko erreminta da".  

2002ko apirilean aurkeztu zuten Euskal Herriko Bilgune Feminista, urtebete lehenago Leitzan (Nafarroa) egindako topaketetan mugimendu feminista nazional baten beharra detektatu ostean. Hogei urteko ibilbidea etorri da gero, zailtasunak zailtasun, hainbat mugarrigaz. Gaur egun, Durangon eta Elorrion dago egituratua Bilgune Feminista. "Elorrion, adibidez, Txoko Feminista zegoen, baina 2016ko azaroan Bilgune Feminista sortu zen, hainbat kidek proiektu politikoa konpartitzen genuelako", azaldu du Ane Blanco elorriarrak. Durangoko Bilgune Feministak ibilbide luzeagoa du, eta kide biek azpimarratu dute taldeetatik kanpora egon diren kideak egon direla -eta daudela- eskualdean. 

Mugarriak
Ibilian ikasi dutela azpimarratu dute Bilgune Feministako kide biek, bai eurek eta baita batu direnek ere. Eta errealitatea aldatu den moduan aldatu dela Bilgune Feministaren jarduna ere. "Errealitatea zapalkuntzen elkargunetik interpretatzen ahalegindu gara urteetan". Horrela, hasieran, beharbada, hainbeste pisu ez zuten gaiek indarra hartu dute urteekin, eta antolatzeko modu desberdinek ere helburu hori dute. "Ahalegintzen gara adin desberdinetara heltzen, baita kolektibo desberdinetara ere, edota emakume migratu eta arrazalizatuengana, beharbada egunerokotasunean ez dugulako hainbeste espazio konpartitzen", esan du Olasok. Asteburuan Durangoko Sorginola gaztetxean egingo den ekitaldian, eskualdean egon diren gertaera-mugarriei buruz gogoeta egingo dute, besteak beste.

2019ko azaroan 3.000 emakumetik gora batu ziren Durangon 'Salda Badago' lelopean egin ziren jardunaldi feministetan.  Mugimendu feministak bizi duen loraldia erakutsi zuen. Baina hori ez da feministen indarraren isla bakarra. Azken urteetako Martxoak 8ko mobilizazio jendetsuek eta greba feministek ere erakutsi dute mugimenduak duen muskulua. "Ni, pertsonalki, gaztetatik lotu nintzen; besteak beste, beste mobilizazio eredu bat erakutsi zidalako, baina ez hori bakarrik: ikusten duzu feminismoak indarra duela gauzak lortzeko. Adibidez, Abortuaren Legeagaz asko eragin zen", dio Olasok. "Antolatuta egon ez arren, nik ere parte hartu nuen manifestazio horietan, eta bertako energia hori kontagiatu egiten dela esango nuke", gehitu du Blancok. Emakumeen Mundu Martxaren sorreran Bilgune Feministak izandako indarra ere nabarmendu dute. 

Mugimenduaren loraldia
Paradisu artifizial horiek erretzeko ahaleginean, hain zuzen ere, topatu ditu bilguneak kide, aliatu eta bidaide berriak. "Nik uste dut borroka feministak, edota feminismoak berak, bere horretan egiteko modu bat duela. Helburu du denontzako bizitza hobe bat lortzea, bai aldarrietan eta baita praktiketan ere; hori dago mahai gainean. Edo denok gaude edo ez", nabarmendu du Blancok. Horrela, Durangaldean bertan existitzen diren -eta azken urteetan existitu diren- talde feministekin hartu-emana edukitzen ahalegindu da Bilgune Feminista hogei urteotan. "Orokorrean ere, nabaria da geroago eta kide gehiago dagoela sindikatuetan, hezkuntzan, politikan", gehitu du Olasok.

Hogei urteko jarduna ospatzeko, eta aurrera begira indarrak batzen jarraitzeko, Topagune Feminista antolatu dute ekainaren 11rako eta 12rako, Oñatin (Gipuzkoa). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!