“Pandemiak herri mugimenduaren jarduna apaldu du eta hori aldatu gura dugu”

Aritz Maldonado 2022ko api. 29a, 09:30

Ekainean Oñatin egingo den topagune feministaren aurkezpena egingo dute asteburuan Durangon. Eskualdeko aurkezpena izango da eta Bilgune Feministako kide diren Ane Blanco elorriarra eta Ainhoa Olaso durangarra ibili dira berau antolatzen. ‘Eztandak dardara gaitzala’ lelopean, Bilgune Feministak asteburu osoko egitaraua antolatu du ekainaren 11rako eta 12rako. Asteburu osorako txartelak Durangon egongo dira salgai, 40 euroan. Bizkaian salmenta gune bi egongo dira, Bilbon eta Durangon.

Oñatiko topagunearen aurkezpen ekitaldia duzue zapatuan.
Ane Blanco: Zapatuko helburuetariko bat Oñatiko 'Eztandak dardara gaitzala' topagunea aurkeztea da. Aurkeztu ez ezik, markoa sortzea ere gura dugu. Eskualdean mugarrian izan diren ekitaldiei buruz gogoeta egitea gura dugu, eta burujabetza feministaren dinamika aurkeztuko dugu gero. Aurkezpen ekitaldiak 17:00etan hasiko dira, Durangoko Sorginola gaztetxean. 
Ainhoa Olaso: Hiru helburu ipini genizkion Bilgune Feministaren 20. urteurrenari. Alde batetik, ospatzea. Bestetik, eskualdeko sarea edo aliantzak sendotzea. Horrez gainera, 2019ko Salda Badago jardunaldietan aurkeztu zen ponentzia eguneratu dugu; 'Bizitzak erdigunean jartzea burujabetza kontua da' dinamika pandemia garaian aurkeztea zen asmoa, baina ezin izan zen. Ordutik, Dekolonialitatea edota zaintzari buruzko ekarpenak gehitu dira.

Ekainaren 11n eta 12an izango da Oñatiko topagunea.
A. O.: Zapatu goizean ponentzia feminista aurkeztu eta osatuko da. Ostean, hitzaldiak, tailerrak eta ikuskizunak egongo dira. Ekitaldia egongo da gero, eta, borobiltzeko, kontzertuak: Ginger, Ira, Chocolate Remix eta DJ Miau. Domekan, Diñagu artisau azoka egongo da, marianito edana eta herri kirolak; bazkari herrikoiaren ostean, Anariren kontzertua egongo da.  
A. B.: Asteburu osoko plana izango da, indarrak biltzeko, eta sarea eta aliantzak batzeko. Sortzaileei ere lekua egin gura izan diegu, eta emakume musikarien maratoia egitea era bada asmoa.

Eta aurrera begira?
A. O.: Zapatuko hitzorduak ekaineko deialdira joatera animatzeko balio izatea espero dugu. Pandemiagaz, herri mugimenduko taldeen jarduna apaldu egin da eta dinamikak beste modu batera egiten hasi dira. Hitzordu hauek aldaketa bat emateko bultzada izatea gura dugu, eta 'Eztandak dardara gaitzala' leloak ere hori esan gura du. 
A. B.: Durangaldeko talde feministekin batzeko ahalegina ere egingo dugu. Orain artean, bidean kointziditu izan dugu, baina, beharbada, hartu-eman horietan ez da sakondu, eta hau aukera ona izan daiteke horretarako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!