Antzokia, lepo. Jendez goraino. Musikaz, dantzez eta aldarrikapenez goraino. Baina baita trajez, apaingarriz, eta umore onez beteta. Berton Bertokoa dinamikak gala ospatu zuen joan zen barikuan, eta bertan, saria jaso zuten proiektuarekin konprometitutako hainbat eragilek. Tartean, hedabide honek. Berton Bertokoak ANBOTO saritu du dinamikaren aldarrikapenak ikusgai egiten laguntzeagatik. Honako hauek izan ziren gainerako sarituak:
- Ekoizleen alorrean: Anbotope eta Etartie proiektuak.
- Jatetxea eta sukaldaria: Akebaso eta Iñigo Fuertes Maguregi
- Langileen alorrean: Berton Bertokoak esku hartzen duen ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeak.
- Eredu izan diren ikastetxeak: Larrabetzu, Urduña, Markina-Xemein, Laukariz eta Gernika-Lumoko Allende Salazar eskolak.
- Gurasoen alorrean: Durangaldeko Ikasleen Gurasoen Elkarteak.
Gala eskualdeko eta eskualdetik kanpoko eragileek girotu zuten. Cecilia Paganinik eta Gorka Gansok (Ganso & CIA) zabaldu zuten ikuskizuna. Artista biek barre-algaraka ipini zituzten Arriolara bertaratutakoak. Durangoko L'Atelier eta Galdakaoko Strat dantza taldeetako kideak oholtzan aritu ziren eta Elorrioko Iheskide taldeak punk rock doinuz dardarazi zituen Arriolako hormak. Ekitaldia dinamizatzeko ardura Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariak eta Ibai Zabala pilotari ohiak izan zuten.