Korrikaren 22. edizioak Amurriotik (Araba) irtengo du arratsalde honetan, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du, hilaren 10ean, domekan, Donostian (Gipuzkoa), jai erraldoi batekin agur esateko. Aurtengo edizioa berezia izango da, urte biko ohiko etenagaz barik hiru urteko etenagaz abiatuko baita. Durangaldean bihar goizaldean sartuko da Korrika, eta eskualdean barrena 52 kilometro egin eta gero Gipuzkoarako bidea hartuko du. Gero Araban sartuko da eta Gasteiz izango da bisitatuko duen lehenengo hiri handia.
Jarraipen zabala
Hedabide honek jarraipen zabala egingo dio Korrikari.
- Zuzeneko konexioak: Gaur, Amurrioko hasiera ekitaldiaren zuzeneko seinalea eskainiko dugu atari honen bitartez. Eta behin lasterketa abiatuta, Korrikaren 24 orduko konexioa eskainiko dugu lasterketak iraungo dituen 11 egunetan zehar. Uneoro lekukoa non eta nork eramaten duen ikusi ahalko dugu Korrikaren furgonetatik bertatik. Lasterketa bukaeran ere, beste horrenbeste. Donostiako bukaera ekitaldia jarraitu ahal izango da anboto.org atari honetan.
- Bideo erreportajeak: Bihar eskualdeko kaleetara irtengo dugu herritarren testigantzak, lekuko eramaileen inpresioak eta Korrikaren beraren irudiak hartzera. Lasterketako giroa eta horren ostekoak ere jasoko ditugu erreportajeetan.
- Argazki bildumak eta bideo bildumak: Korrika Zornotzan sartzen denetik Mallabian irteten duen arteko argazkiak eta bideoak bildumatuko ditugu. Elementuok herririk herri antolatuko ditugu. Herrikako bildumatan. Une bakoitzean lekuko eramailea zein den ikusi ahalko da bertan.
- Eguneroko podcastak: Ane Elordi Alburquerque zornotzarrak egunero-egunero emango digu Korrikan gertatzen ari denaren berri, Amurriotik hasi eta Donostian amaitzen den arte. Eguneroko podcastak eskainiko dizkigu Korrikaren bihotzetik. Bertan egongo delako egunero-egunero lanean, prentsa taldeko kideekin batera.